Goñi eta Arizmendi oronoztarrek irabazi dute Nafarroako bigarren mailako paleta goma txapelketa

TTIPI-TTAPA 2015ko mar. 9a, 11:15

Goñi eta Arizmendi txapeldunak kontent, Oronoztik hurbildutako zaleekin batera. Utzitako argazkia

Martxoaren 8ko finalean 30-23 irabazi zieten Etxarri aita-semeei

Nafarroako bigarren mailako paleta goma txapelketako finala jokatu zen martxoaren 8an Iruñeko Lopez pilotalekuan. Oronozko Josu Goñi eta Joseba Arizmendik 30-23 irabazi zieten Etxarri I eta Etxarri II aita-semeei eta honenbertzez, Nafarroako txapeldun berriak dira.

Nafarroako bigarren mailako paleta goma txapelketako finala jokatu zen martxoaren 8an Iruñeko Lopez pilotalekuan. Oronozko Josu Goñi eta Joseba Arizmendik 30-23 irabazi zieten Etxarri I eta Etxarri II aita-semeei eta honenbertzez, Nafarroako txapeldun berriak dira.

Tantu ikusgarriak ikusteko aukera izan zuten pilotalekura hurbildu zirenek. Tartean, Oronoztik hurbildutako zaleak ere izan ziren Iruñean, eta argazkian ageri denez, txapeldunekin erretratoa ateratzeko eta gero, elkarrekin La Runa sagardotegian bazkaltzeko aprobetxatu zuten.

Finalerdietan Barandiaran eta Otaegi kanporatu zuten oronoztarrek eta orokorrean, txapelketa borobila egin dute, zortzi partida irabaziz.

Honela, Josu Goñik arantzatxoa ere kendu du, Nafarroako buruz buruko eta bortz eta erdiaren barreneko txapelketetan finalera ailegatzea lortu bai, baina galdu egin baitzituen. Bietan azpitxapeldun izan ondotik, txapel honekin gustora gelditu da.

Aipatzekoa da urte hasieran Lesakako txapelketan, bigarren mailako txapeldun ere suertatu zela Goñi, orduan Berhorekin bikote eginez. Orain, Oiartzungo txapelketan ere ari dira Goñi eta Berho eta laister Idiazabalgoan hastekoak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun