Arbolaren Eguna ospatu dute bi asteburuz Lesakan

TTIPI-TTAPA 2015ko mar. 5a, 10:47
50 pago, 50 haritz, 30 lizar, 2 gereziondo eta 4 intxaurrondo landatu dituzte Gardelkopagoeta inguruan. Utzitako argazkia

Denetara 136 zuhaitz landatu zituzten Gardelkopagoeta inguruan

Otsailaren 21ean eta 28an aurtengo Arbolaren Egunaren landaketa egin zen Gardelkopagoeta inguruan. Egia erran, eguraldiak ez zuen batere lagundu eta horrek parte-hartzea oztopatu zuen, baina halere 136 zuhaitz landatu zituzten bigarren larunbatean.

Otsailaren 21ean eta 28an aurtengo Arbolaren Egunaren landaketa egin zen Gardelkopagoeta inguruan. Egia erran, eguraldiak ez zuen batere lagundu eta horrek parte-hartzea oztopatu zuen, baina halere 136 zuhaitz landatu zituzten bigarren larunbatean.

Otsailaren 21ean, eremua desbrozadorarekin garbitu zuten zortzi ausartek (sei heldu eta bi haur, iratzeak eta larrak kenduz, piketeak sartu eta zerrakurak behar den moduan paratu zuten, euria, hotza eta kazkabarra erauntsien artean. Bildutakoak jo eta ke aritu ziren. Gero ongi irabazitako hamaiketako eskaini zieten Gardelko txabolan, txistorra jan eta freskagarriak edateko parada izan zutelarik eta eguerdi aldera lanak bukatu zituzten, nekatuak baina pozik.

Larunbat honetan, otsailak 28, berriro ere eguraldiak txarrera jo zuen. Hala ere, jendea animatu eta goizeko 9:30erako zulo guziak eginak ziren eta landareak bertan jartzeko prest. Lanak laino artean egin ziren, langarpean baina eguraldia ez zen joan den larunbatekoa bezain desasegina izan. Irain eta Tantirumairuko haur eta gurasoak agertu ziren eta lanari ekin zioten. Arcelor Mittaleko langileek ere, azken urtean haurrak izan dituztenak, parte hartu zuten egin zen landaketan.

Denetara 30 lagun inguru aritu zen lanean, 136 arbola landatzeko (50 pago, 50 bertako haritz, 30 lizar, 2 gereziondo eta 4 intxaurrondo). Egun honetan ere, lanak amaitu ondotik, txistorra dastatzeko aukera izan zen, bertara hurbildu ziren sukaldariei esker.

Aipatzekoa eta bereziki eskertzekoa da Carlos Txoperenaren lana, bere agindupean egin baitira landaketa lan guziak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun