Lapurriturri-Mandobideko lur-eremuak saldu ditu Lesakako Udalak

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 27a, 08:47

Lortutako 119.261 euroak zuzenean zorra amortizatzeko erabiliko ditu

Lesakako Udalak lur eremu bat dauka Irunen, 340.375 metro koadrokoa, San Antongo presa egin ahal izateko Irungo Udalarekin bere garaian eginiko akordioa eta honen egokitzapenak direla eta. Lur horietako basoen ustiapenak etekin ekonomikoak eman dizkio Lesakako Udalari, baina duela urte batzuk eremu hau Aiako Harriko natur parkearen barrenean sartu zen. Ondorioz, basoaren ustiapen ekonomikoa mugatu egin da. Gipuzkoako Diputaziotik Lesakako Udalarekin harremanetan jarri ziren eta planteatu zuten eurek lur eremu hori erosteko eta gestionatzeko aukera.

Egoera horren aitzinean, «eta lur eremu horiek Lesakako Udalaren eta ondorioz lesakar guztien ondasuna direla kontziente izanik», proposamena aintzat hartzea erabaki zuen Udalak eta beraz, 2014ko abenduaren 26ko osoko bilkuran, Bilduren aldeko bozkarekin gehiengoz onartu zen lur-eremu hori saltzea. Hala ere, herritar guztien ondasun batez ari garen heinean, Severiano Txoperena jarduneko alkateak sinatutako bando baten bidez herritar guztiei erabaki horren berri eman die Udalak, «eta sor daitezkeen zalantzei erantzuteko prest gaudela erran».

Lesakako Udal gobernu taldeak pentsatzen du salmentak lagunduko duela Natur Parkearen kudeaketa egokian, eta ikuspegi ekonomikotik, Lesakako Udalarentzat egun lur eremu horrek jada ez du interesik. «Gainera –dio bandoak– guretzat marra gorria izan zitekena errespetatzen da, hau da, ondasun publikoa izaten jarraituko du, lur eremu hau azkenik Irungo Udalak erosiko duelako. Beraz, ez da ezer pribatizatuko». Salmenta honetatik ateratako dirua, 119.261 euro, Lesakako Udalaren patrimonioa handitzeko erabiltzea izanen zen egokiena edota mendietan inbertsioak egin ahal izateko, bandoak dioenez, «baina Udalak duen egoera ekonomikoa dela eta, behartuak gaude, legez, diru hori zuzenean zorra amortizatzeko erabiltzera». Dena den, udal gobernuaren iritziz, «diru hori zorra murrizteko erabiltzea ere ez da aukera txarra».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun