Manttalek 10x100 erronkarekin ospatuko ditu hamar urteak

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 19a, 15:27
Goitian parte hartzaile gehienak irakasleekin eta beheitian, hiru txapeldunak. Utzitako argazkia.

Apirilaren 19ko Mendi Maratoi Erdia prestatzen ere hasiak dira

Manttalek hamarga­rren urteurrena 10x100 erronkarekin ospatuko du, eta taldeko partaideek 2015. urtean ehun lasterketa desberdinetan parte hartu nahi dute. Berako taldeak 100 lasterketa burutzeko helburua jarri du urta­rriletik abendurarte, 2006an taldea martxan jarri zenetik ez baitu inoiz lortu. Manttaleko partaide bat edo gehiagok lasterketa berean parte hartzen badu, lasterketa bakar bat bezala kontatuko da.

2014an 89 lasterketetan parte hartu du Manttalek, haietatik 53 mendian. Helburu hau hamargarren urteurrena Man­ttalek hobekien dakien moduan, korrika eginez alegia, ospa­tzeko finkatu du. 2006an martxan jarri zenetik, taldea Euskal Herriko lasterketetan ibili da. Parte hartzeaz gain, postu onak ere lortzen ditu, hala nola 2014an hiru lasterketa irabaziz eta podium ugari lortuz. Unai Santamariak 3. postua lortu zuen Euskadiko Kopako sailkapen orokorrean eta gainera bertze bi korrikalarik, Txus Unsion eta Josema Huizik 6 lehenengotan bukatu zuten Nafarroako Mendi Lasterketen txapelketa beteranoen kategorian.

Gizonezko eta emakumezko taldeaz aparte, Manttalek 6 eta 12 urte arteko haurrentzat atletismo talde bat martxan jarri zuen duela sei urte. Monitoreekin entrenatzen dute urri­tik ekainera larunbatero.

Lasterketetan parte hartzeaz gain, lasterketen antolaketan ere aritzen da taldea, hala nola Berako Mendi Maratoi erdia, hurrengo apirilaren 19an ospatuko dena, Alkaiaga Traila uztailean, Berako Gau krossa abuztuan, eta laguntza ematen du  Lizuniagako igoera eta Agerrako Krosean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun