75. urteurrenerako ekitaldi ugari prestatu ditu Lesakako Beti Gazte elkarteak

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 24a, 08:55
Garai ezberdinetako jokalariak bildu nahi ditu Beti Gaztek ekainaren 7an eginen duen ospakizunean. Artxiboko argazkia

142.000 euroko aurrekontua onartu zuen otsailaren 21eko batzarrean eta argazkilaritza saila sortu du

Urteko batzar orokorra egin zuen Lesakako Beti Gazte elkarteak otsailaren 21ean eta 142.000 euroko aurrekontua onartzeaz gain, 75. Urteurrena ospatzeko antolatuko dituen hainbat ekitaldiren berri eman zuten. Lehen aldiz argazkilaritza atala ere sortu du gaur egun 1.070 bazkide dituen elkarteak.

Urteko batzar orokorra egin zuen Lesakako Beti Gazte elkarteak otsailaren 21ean eta 142.000 euroko aurrekontua onartzeaz gain, 75. Urteurrena ospatzeko antolatuko dituen hainbat ekitaldiren berri eman zuten. Lehen aldiz argazkilaritza atala ere sortu du gaur egun 1.070 bazkide dituen elkarteak.

1940ko abuztuaren 9an sortu zen elkarteak 75. urteurrena ospatuko du aurten eta horren harira prestatu dituen ekitaldi ugariren berri eman zuten batzarrean. Gaurgero, ipuin lehiaketa edo San Antonera mendi ateraldiak egin dituzte. Mendi kontuekin segituz, Gipuzkoako kostaldean barna hiru ateraldi eginen dituzte. Lehenbizikoa Lesakatik Hondarribiara eginen dute martxoaren 1ean, baina Hondarribia-Donostia eta Donostia-Zarautz ibilaldiak eginen dituzte datozen hilabeteetan. Euskal Herriko mendi seinalatuak igotzeko asmoa ere badute, Txindoki, Anboto, Aizkorri eta Hiru Erregeen Mahaia, hain zuzen. Urriaren 4an, Nafarroako Mendi Elkarteen Eguna antolatuko dute Lesakan, aurten 50 urte betetzen dituen Oberena elkartearekin elkarlanean. Ekainaren 28an, ohikoa denez, hildako mendizaleen omenez ere ekitaldia eginen du.

 

Ekitaldi bereziak

75. urteurrenak soka luzea izanen du aurten eta ekitaldi berezi eta gustagarriak antolatu ditu Beti Gaztek. Aste Santutik aitzinera, futbol txapelketa ezberdinak plantatuko dituzte Mastegin. Maiatzaren 9an, Musika Banden Alardean bilduko ditu Lesaka, Bera eta Baztango Musika Bandak. Ekainaren 7an, Beti Gazteko jokalari ohien topaketa egin nahi dute eta egun horren inguruan, elkartearen historiari buruzko erakusketa plantatu nahi dute Harriondoan. Uztailaren 5ean, Erraldoien Topaketa eta herri kirol erakustaldia izanen da eta abuztuaren 9an, elkarteak 75 urte egiten dituen egunean, Ezpatadantzarien Eguna eginen dute. Duela 30 urte, 1985ean egin zen bezala, garai ezberdinetako ezpatadantzariak elkartu nahi dituzte Onin errekaren inguruan, 6-7 talde osatuz.

Zuzendaritza batzordean ez da aldaketa handirik izanen eta Jose Luis Sunsundegi segituko du presidente karguan. Hori bai, argazkilaritza atala sortu da lehen aldiz eta Jon Martinez izanen da bokala. Urteroko argazki lehiaketaz gain, ikastaroak eta ateraldiak prestatzeko asmoa azaldu dute. Mendi atalean, berriz, Patxi Oteiza sartu da lehendik zeudenekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun