Amaren bularra, haurraren janari

Aitor AROTZENA 2012ko ots. 22a, 13:03
Bularra emateari buruzko aholkuak ematen dituzte edoskitze taldeetan. Utzitako argazkia

Lehenbiziko sei hilabetetan haur sortu berriei soilik amaren esnea ematea aholkatzen dute osasun erakundeek

«Amaren bularra, haurraren janari, aterpe samur hontan, lo hartu nahi dut nik». Honela bukatzen zen Xabier Lete zenak kantatzen zuen seaska kanta hunkigarria. Industrializazioaren eraginez, ordea, emakumea etxetik kanpo ere lanean hasi zenean aunitz jautsi zen bularra ematen zuten amen kopurua. 1980. hamarkadan izan omen zen kopururik baxuena, baina umearentzat ez ezik amarentzat ere osasungarriena dela kontuan izanik, gero eta gehiago dira seme-alaba jaio berriei «odol zuria» ematen dioten emakumeak.

 

Amagintza izeneko elkartea 1997an sortu zuten bere haurrei bularra ematen zieten zenbait amek. Orduan ikusi zuten zein ederra den bularra emateko lagun­tza eta babesa topa­tzea, informazio egoki baten bidez edo zail­ta­su­nak daudenean hitz goxo bat adituz. Oina­rri horrekin sortu zen Ama­gintza.

Lesakako kasuan, Ainhoa Zaldua eta Amaia Lasheras bul­tza­tzaileek aipatu digutenez, «ama izan eta seme-alabei bularra eman ondotik, inguruan infor­ma­zio eskasia handia zegoela somatu genuen. Horregatik sortu genuen edoskitze taldea Lesakan». Hilabeteko azken ortzegunean bil­tzen dira, 17:30etik 19:30era Lesakako Udalak Osasun Zentro­aren ondoan duen egoi­tzan. Duela hilabete ba­tzuk hasi ziren lanean, baina otsailaren 9an egin zuten jendaurreko aurkezpena.

Elizondoko Osasun Zentroan, lauzpabortz urte daramazkite edoskitze tailerrean lanean, Izaskun Zubizarreta emagina eta Ana Fernandez pediatriako erizainaren gidaritzapean. Hauek ere hilabeteko azken ortzegunean bil­tzen dira, 11:30etik 13:30era.

Tailer hauetan hainbat ama edo ama beharrak elkartzen dira beraien esperientziak eta zalantzak azalduz. Helburua amei informazioa eskaintzea da, eta egoerari bere kabuz aurre egiteko babesa eta baliabideak ematea. Bertzeen esperientziak hagitz baliagarriak dira horretarako. Umeen loa, elikadura osagarria, kolikoak, edoskitzea eta lana, titia kentzea, aitaren papera, hartualdien errit­moa… hainbat dira edoskitze tailerrean ateratzen diren gaiak… Noski, umeak eta aitak ere ongietorriak izaten dira. Emakumea haurdun dagoenean ere komeni da tailer hauetara joatea, zenbat eta informazio gehiago eduki orduan eta arazo guttiago sortzen baitira bularra ematerakoan.

Gaur egun, osasun erakundeek onartzen dute amaren esnea dela haurrarentzako onena eta sei lehenbiziko hilabetetan huts-hutsik hartu beharko litzakeela. Beti ez da ho­rre­la izan ordea. Gaur egun ere, emakumearen askatasuna edo estetika arrazoiengatik hobe dela bularra ez ematea dioenik ere bada. «Hori dioena oker dago –aipatu digu Ainhoa Zalduak– Haurdunaldian emakumearen bularrak alda­tzen dira, baina umeari titia eman ez dioten amei ere berdin-berdin honda­tzen zaizkie. Titia emateagatik ez dira gehiago hondatzen. Bula­rra ematen duen amak, orokorrean, bere figura lehenago be­rresku­ratzen du ematen ez duenak baino, kaloria gehiago erre­tzen dituelako. Egia da emakume bat askeago izan daitekeela biberoia emanez, baina nere ustez ama izatea da gertatzen ahal zaigun gauzarik zoragarriena eta 0-6 urte bitartean dugu loturarik handiena seme-alabekin. Gero, beraiek izanen dira independiza­tzen joanen direnak».

 

EDOSKITZEARI BURUZKO ZALANTZA ARRUNTAK

«Titia ematean min hartzen da?». Titia emateak EZ du minik eman behar. Hori gertatzean ahal da zenbait arrazoiengatik, adibidez, haurraren postura ez egokiarengatik.

«Ez dut esne nahikorik». Arrazoi horrengatik emakume aunitzek uzten diote bular emateari. Amen %97ak bularra ematen ahal du laguntza eta informazioarekin. Umeak zenbat eta gehiago xurrupatu, orduan eta esne gehiago sortuko du amak.

«Nere esneak ur gehiegi dauka». Hasieran ateratzen den esnea ureztatua izaten da, baina grasa kopurua handitzen joatean da eta azkenean bortz aldiz gehiago dauka. Horregatik, ez dira bularra ematen pasatzen diren minutuak kontatu behar, hoberena bukaeran baitago.

«Ez ditu hiru ordu aguantatzen». Ia ume bakar batek ere ez du aguantatzen. Bularra, erlojua ahaztuta eman behar da.

«A zer gaua eman didan!». Haur ba­tzuk logale gutti izaten dute. Lasai­tzeko hoberena bularra ematea da eta amaren deskantsua errazteko, titia ohatzean ematea aholkatzen du Amagintza Elkarteak.

«Ez du pisu nahikorik hartzen». Bularra ez duelako ongi hartzen izan daiteke. Laguntza talde batekin harremanean jartzea da onena.

«Egun batzuk daramazki oso segidan edaten». Seguruenik, hazteko krisi bat igarotzen ariko da haurra. Bularra gehiago estimulatu beharra dauka esne gehiago lortzeko. Eska­tzen duen guztietan eman titia eta egun batzuk pasatzerakoan, haurra normaltasunera bueltatuko da.

Informazio +:  www.amagintza.asociacionespamplona.es

 

HAURRARENDAKO ABANTAILAK

• Hobe eta errazago digeritzen da.

• Burmuinaren garapenerako kalitate hobeko grasak ditu.

• Burdina ia osorik xurgatzen da. Anemia guttiago.

• Adinaren arabera esnearen osaketa aldatuz doa.

• Laktosak kaltzioa xurgatzen laguntzen du eta errakitismoaren kontra egiten du.

• Higienikoa da. Beti tenperatura egokian prest dago. Esterilizatua dago.

• Amak izan dituen eritasunen antigorputzak dauzka.


AMARENDAKO ABANTAILAK

• Erditzearen ondotik, odol ixuri ttikiagoa.

• Erditzetik lehenago errekuperatzen da.

• Bular, umetoki eta obarietako minbizia izateko arrisku ttikiagoa.

• Osteoporosia izateko arrisku ttikiagoa.

• Erditze ondoko depresioa ttikitzen du bularra emateak.

• Bularra ematen duen amak lehenago eta hobe daki umearen beharren berri: gose, tripako min edo maitasuna behar duelako negarrez ari den jakinen du.

• Diabetes eta bihotzeko eritasunetan arrisku ttikiagoa.

 

Ainhoa ZALDUA eta AMAIA LASHERAS, AMAGINTZA ELKARTEKOAK

«Amaren esnea janari ona izateaz gain, sendagai ona ere bada»


Zer garrantzi du bular emateak haur eta amaren garapenean?

OME eta UNICEF erakundeek haurra­ren sei lehenbiziko hilabetetan soilik amaren esnea ematea aholkatzen dute (ez urik, ezta zumorik ere…) eta gero, amaren esnearekin segitzea baina osagarriak sartuz bi urteak bete arte edo gehiago. Amaren esnea sustantzia bizia da, odolak berak haina zelula ditu. India beza­lako aitzinako kulturetan ‘odol zuria’ deitzen zaio. Izan ere, zelula hauek parasitoak, bakteriak eta onddoak desegiten dituzte eta erantzun inmu­no­logikoa erregulatzen laguntzen dute. Germenak gu­ttiago eta abiadura ttikiagoan ugal­tzen dira amaren esne­an. Amaren esnea elikagai ona izateaz gain, sendagai ona ere bada.

Egia al da haurrari hobekien egokitzen den esnea dela amarena?

Bai. Ama bakoitzak bere haurrak behar duen esnea produziten du, hau­rraren adinaren arabera. Ez da berdina ume goiztiarra izan duen amak edo 9 hilabeteko haurdunaldia izan duen amak sortzen duten esnea. Amaren esnea haurrarentzako elikagairik onena da, behiaren esnea aretxearendako onena den bezalaxe.

Zein da bularra ez emateko arrazoi nagusia: lana, esnerik ez izatea, estetikoa…?

Arazorik handiena informazio eta babes falta da. Mito eta aurreiritzi aunitz daude edoskitzeari buruz. Ama berriz ere lanean hasterakoan ere arazo aunitz sortzen dira. Momentu ho­rretan informazioa behar du emakumeak, bularra ematea eta lana nola uztartu jakiteko. Horretan ere lagun­tzen dugu tailerrean. Informazioarekin errazagoa da bularra ematea eta lana uztartzea, eta emakume auni­tzek uste baino errazagoa egin zaiela erraten digute. Bularra ez emateko bertze arrazoia esne nahikorik ez duzula pentsatzea da. Umeak zenbat eta gehiago zurrupatu, orduan eta esne gehiago sortzen da. Umeak batzuetan ez du ongi hartzen titia eta orduan ez da esne aski egiten. Arazo hori moldatu eta egun guttira esne produkzioa handitzen da.

Zure umeari bularra ezin emateak ere arazoak sortzen ahal ditu. Nola egiten ahal zaio aurre?

Ama gehienek bularra eman nahi izaten dute. Aunitzetan informazio faltagatik uzten da eta orduan emakumea errudun sentitzen da, baina ez da horrela sentitu beharrik, ama ez da errudun. Momentu horretan ahal zuen hobekien jokatu du. Kasu hauetan, amak berak biberoia ematea izaten da onena, haurrarekin lotura hori sortzeko. Baina laguntza taldetan bularrarekin segitu nahi duten emakumea laguntzen dugu eta zailtasunak zituzten amek lortu dute.

Gaur egun amak bularra ematea bultzatzen da, baina izan da hain ongi ikusia ez zegoen garaia ere…

Halaxe da. Guretako aunitzi ez digute bularra eman, haurren elikadurarako enpresak horretan saiatu zirelako. Esne artifizialak atera zirenean, enpresek esne horiek hobeak zirela erranez informazio okerra atera zuten. Industrializazioarekin, emakumeak kanpoan lanean hasi zirenean etxea utzi behar izan zuten eta hor burubelarri sartu ziren formulako esne-marka komertzialak, osasun arloko zenbait profesionalen laguntzarekin. Zorionez, berriz ere, amaren esnera bueltatzen ari gara.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun