Giltzurrunak, gibela, bihotza eta birikak dira transplanteetan gehien behar diren organoak

Gurutze PIKABEA 2010ko mai. 13a, 12:14
Gabriel Txoperena lesakarra Donostiako Ospitaleko Organo Trasnplanteetako koordinatzailea da. Gurutze PIKABEA

Gero eta gehiago dira, hil ondotik senidearen organoak emateko baimena ematen duten familiak

Batzuen etsipena, bertzeen itxaropena. Baina trasplanteek horixe dute. Pertsona baten heriotza beti da tristea eta mingarria, baina hilberriaren organoek itxaropena piztu dezakete organoaren premia larrian dagoen bertze batengan. Hurbila­gotik ezagutuko dugu mundu hau.


Elkartasun keinu haun­dia da organoak emateko prest egotea, are gehiago, bizitzeko ezinber­tzekoa denean. «Keinu altruista bat da, gizakien arteko ekintza on haundiena». Halaxe adierazi digu Gabriel Txoperena Lesakako medikuak. Eta hortaz ongi daki berak, Donostiako Ospitaleko Organo Transplanteen koordinatzailea baita. 1996tik dago kargu horretan, baina 1988­an ezagutu zuen mundu hori, orduan hasi baitzen Zainketa Inten­tsiboetako Unitatean (ZIU) lanean. Urteek esperien­tzia eman diote, baina ba omen da oraindik gogo­rra egiten zaion zerbait: «hildakoaren familiari organoak eskatzea, gehien­bat hildakoa gaztea bada». Orduan hasten da be­re lana.
ZIUn norbait hiltzen denean, Txoperenak berehala galdetzen dio familiari organoak emateko prest dagoen ala ez. Eta Hego Euskal Herrian erantzuna «gehienetan ona» izaten omen da. «Gutti goitibeheiti organoak ema­tea ukatu dute­nak %10-13 izanen dira. Zenbait tokietan, %60k ezetz erraten dute». Datuak onak, beraz. Familiaren baiezkoa jasotzean, beharrezkoak diren azterke­tak egiten hasten dira, eta gero hartzaile egokienarengana bideratzen da organoa.
Urteekin emaile mota aldatu dela kontatu digu lesakarrak: «Hasieran, jende aunitz hiltzen zen trafiko istripuz, eta emaile kopuruaren bi herena buruan golpe hartu­takoa zen, trafiko istripuan hila. Herena odol-isuri baten ondorioz hiltzen zen. Beraz, emaileak gazteak ziren». Gainera, emaileen adin-muga 60-65 urte artekoa zen, eta zaha­rragoek ezin zuten eman.
Azken urteotan, aldiz, transplanteen emaitzak hobetzeaz gain, 80 urte artekoek eman di­tza­ke­te organoak. «Gaur egun, emaileen bi herena buru­ko odol-jarioarekin hildakoa da, eta herena golpe eta istripuen ondorioz. Trafiko istripuan hildakoak gutti dira». Hona adibidea: «Donostian, iaz 32 organo-emaile izan ziren, eta trafiko istripuaren ondorioz, ez zen bakar bat ere hil». Izan ere, kaskoaren erabilera nahitaezkoa denetik eta puntukako karneta inda­rrean dagoenetik, «emai­le gehienak adinekoak dira».

Transplante motak
Giltzurrunak, gibela, bihotza eta birikak. Horiek dira gehien trans­plan­ta­tzen direnak. Baina eskaera haundiena giltzu­rrunak omen du. Gero gibelak, eta gero biho­tzak eta biri­kak. Pankrea, hertzeak, hezu­rrak, ehunak, kor­neak eta bihotz-balbulak ere trans­­plantatzen dira.
Larritasun maila ere diferentea da organoaren arabera. Giltzurruna falta duena, dialisiarekin ere bizi daiteke, «bizi-maila txarrarekin, baina bizi da», dio Txoperenak. Ai­tzi­tik, gibela, bihotza edo birikak hondatuak dituz­tenek ez dute alter­na­tiba­rik. «Medikuak urte bat edo biko bizi itxa­ropena ematean ze­rren­dan sar­tzen dira. Epe jakin batean ez bazaie organorik ailega­tzen, hil eginen dira».
Organoa ager­tzeaz gain, bada kontuan hartu beharreko bertze zerbait ere: bateragarria eta tamaina egokikoa izatea. «Bihotzaren kasuan, erra­terako, hartzaileak 1,60 me­troko altuera eta 50 kilo baldin baditu eta emailea 1,90 metrokoa eta 120 kilokoa bada, emaile haundi horren bihotza ez da hartzaile ho­rren toraxean sartuko, nahiz eta odol-talde berdinekoa izan».
Lehentasuna
Organo motaren arabera, lehentasuna ere aldatzen da. Herrialdea eta ezaugarri klinikoak har­tzen dira kontuan. Toki iriz­­­pidearen arabera, ema­­teko dauden organoak lurralde horretan trans­plantatu behar dira, den­borarekin ahalik eta guttien hondatzeko. Irizpide klinikoetan, ordea, emaile/hartzailearen bateragarritasuna eta gaixoaren larritasun maila hartzen dira kontuan.
Halere, giltzurrune­tan umeek dute lehentasuna, «umeengan dialisiak helduetan baino ondorio txarragoak dituelako», eta gibela, bihotza eta birike­tan, lurralde kriterioaren gainetik dagoen irizpide kliniko bat dago: larrialdi 0. «Gaixo bat larrialdi 0 kasuan badago, estatu osoan berak du lehentasuna. Hori Ma­driletik ku­dea­tzen da, ONT Trans­planteen Es­ta­­tu Erakundetik». Ez badago larrialdi 0 kasurik, organoak lu­rralde iriz­pideak kontuan hartuz bideratzen dira. Eta ospita­le horretan ez badago har­tzailerik, hurbileko autonomia erkidegoetara eramaten da. Hauetan behar ez bada, estatu mailan galdetuko da, eta hemen ere behar ez bada, Europan.
Bihotzaren kasuan, erra­terako, hildakoari bihotza atera eta bizpahiru orduko tartea dute medikuek bertzeari paratzeko. «Emailea Euskal He­rrian baldin badago eta hartzailea Kanariar Uharteetan, transplante hori ezin da egin, ez delako organoa garaiz ailegatuko. Gehienez Cordobara bidaltzen ahal dugu».

Transplanteak bizirik
Bizirik daudenen orga­noak ere trasnplanta­t­zen dira gaur egun. Giltzurru­nak, gibela eta hezur-muina, adibidez. «Bi giltzu­rrun ditugunez, batekin bizitzen ahal gara», adierazi digu lesaka­rrak. Normalean, familiakoak dira emaileak. Halere, hil bati ken­tzearen aldekoa da, «are gehiago, hil guziei ez zaiela eskatzen kontuan hartuz».
Gibela ere bizirik transplanta daiteke: «gehienetan umeetan egiten da; ume emaile bat agertzen ez bada, gurasoaren gibel zati bat paratzen da».
Eta hezur-muina ere transplantatzen da bizirik. «Gaixoak leuzemia duenean, kimioterapia do­si altuak behar ditu, eta muinik gabe geldi daiteke. Irtenbidea transplantea bal­din bada, familian ba­tera­garria den baten bat ba­dagoen begira­tzen da». Baina ba omen da hezur-mui­nen emaileekin osatu­ta­ko zerrenda ere. «Jende hori ha­gitz kon­tzien­tzia­tua dago», aipatu digu Txoperenak.
Kontzientziatua egon eta borondatea izatea, ezinbertzekoak. Izan ere, legez ezin da organorik erosi, eta nor­bai­tek emaile izan nahi badu, bo­ron­datez egin behar du. Zenbait tokitan, ordea, or­dain­­duta denak balio du. Txinan trans­­planteetan era­bil­­tzen diren organoen %65 he­rio­­tza zigorrera konde­na­­tu­tako presoenak dira. Or­gano trafikoa haundia da, ordain­du­ta ber­tzela egiten ez den transplantea egiten baita. Baina hemen ez. Hemen borondate kontua da. Emailerik gabe, ez baitago hartzailerik.

 

 

 • MARI JOSE MITXELENA, ERATSUNEN BIZI DEN SUNBILDARRA                                                  

«Loteria tokatu zitzaigun semearendako gibela agertu zenean»

Zortzi urteko neskato valentziar hilberriaren gibelak ekarri zuen zorionta­suna Mari Jose Mitxelena Eratsunen bizi den sunbildarraren bizitzara. Gibe­laren premia larrian zegoen bere zazpi urteko semea, aitzinera egin ezinik, eta neskato hare­nak salbatu zuen. 16 urte beranduago, «pozik» dago Mitxe­lena, 23 urteko semea orain nola dagoen ikusita, baina aski gogoan du egindako borroka. Eta gogo­rra iza­na­ga­tik, arazorik gabe kontatu digu, gaiak­ zenbat eta hedapen haundiago izan, orduan eta hobeki izanen delakoan baitago, egoera berean daudenei laguntzeko.
«Arazo batekin jaio zen semea, barea haunditua zuela erraten zioten, eta bederatzi hilabeterekin gaizki jarri zen», azaldu digu Mitxelenak. Iruñera eraman eta gibeleko zirrosia diagnostika­tu zioten, eta «ez zegoela deus egiterik» erran. Baina tratamenduan paratu eta horrela egon zen bolada batez. Medikuek proposatuta Madrilgo La Paz Ospitalera ere joan ziren. Eta han aurkitu zioten beha­zun-bidean buxa­dura edo eragozpenak zituela. Halaxe hasi ziren bi hilabe­te­tik behin Madrile­ra joaten. Semeak bederatzi hi­labete zituenetik zaz­pi urte bete arte, Madri­lera joan-eto­rrian ibili ziren. Halere, harat joan aitzinetik, ate guztiak jo zituen familiak: Bartzelona Futbol Taldeko medi­kuarekin egon ziren, Hendaia­ko homeopata batekin ere bai... Ez zeuden geldirik egoteko, «semea ongi atera­tzea zen kontua», dio amak.
Baina semeak «makurrera» egin zuen: «tratamenduak nahiz eta aitzine­ra egin, gaixotasuna garatuz joan zen». Eta erremedio bakarra transplantea zen. Lagun baten bidez, Madrilen gibeleko transplanteak egiten zituen mediku batekin egotea lortu zuen Mari Josek Iruñeko Klinika Unibertsitarioan. «Iruñean aukera izatea nahiago genuen, egunerokoarekin segitu ahal izateko». Eta horretan zeundela, «hagitz gaizki» jarri zen umea. «Uztai­laren 5a zen eta ikaragarri hazi zen. Klinika Unibertsitariora joan eta egun batzuez odol-transfusioarekin egon zen mutikoa». Baina «uztailaren 13-14an semearendako gibela agertu zen, eta es­­kerrak, bertze­la ez zuen iraunen», dio Mitxelenak. Zortzi urteko neskato valentziarraren gibela garaiz ailegatu zen, eta dena ongi atera zen. Haurretan Nafarroan egindako gibela­ren lehenbiziko transplantea izan zen.
23 urterekin bizitza normala darama orain mutilak. «Bizitza osoko tratamendua du, baina lanean ari da eta hagitz ongi dago». Eta semea horrela ikusita, etxekoak gustura. «Pasatu dena mirari bat izan da. Ez dugu gehiago eskatzen», dio hunkituta: «loteria tokatu zitzaigun».

 

 • OHIKO GALDEREI ERANTZUN DIE GABRIEL TXOPERENA MEDIKUAK                                                   

Zer egin organo-emaile izateko?

• Nor izan daiteke organo-emaile?
Edozein pertsona izan daiteke organo-emaile, hiltzen denean, bere organoak bertzeen bizitza hobetzeko erabil­tzea nahi badu. Baina, denek ezin du­te emaile izan, horreta­rako ezinber­tzekoa baita ospitale bateko  Zainketa Intentsiboetako Unitatean hil­tzea, toki hauetan baitago organoak man­tendu eta behar diren azterketak egiteko aukera. Emaile-txartela izan ala ez, beti behar da familiaren baime­na.

• Zein organo eman daitezke?
Giltzurrunak, gibela, bihotza, pankrea, birikak, hertzeak, ehunak, hezurrak, korneak eta bihotz-balbulak.


• Bizirik ere izan al daiteke organo-emaile?
Bai, beti ere, legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen badira. Organo-emaileak 18 urtetik goiti eduki behar ditu, eta fisikoki eta psikikoki osasun onean egon. Legearen arabera, erabakia librea da eta inork behartu gabe hartutakoa dela ikusi behar da.


• Zer egin behar da emaile izateko?
Espainiar estatuan hiru bide daude:  902 300224ra deitu;  eta ont@msps.es edo Organizacion Nacional de Trasplantes, Sinesio Delga­do 6-8, Pabellon 3, 28029 Madril helbi­dera idatzi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun