Mecoko euskal preso politikoak oinarrizko eskubideen defentsan

Utzitako argazkiak 2006ko aza. 23a, 17:10

Akordio, prozesu, elkarrizketa… solasak barra-barra aditzen dira egunotan. Bide horretan, Euskal Preso Politikoon Kolektiboak isolamendu politikoaren bukaera, status politikoaren onarpena eta beronek dakartzan eskubide guziak aldarrikatzeko borroka dinamika abiatu genuen joan den urtarrilaren 3an. Bertzalde, Mecon emakumeon gartzelan bizi-baldintzen etengabeko murrizketak jasan ditugu azken hilabeteotan batez ere. Arrazoi hauek guziak medio, oinarrizko eskubideen defentsan maiatzetik borrokaldia abiatua dugu.

Hainbat gartzelatan bezalatsu, hemen ere zuzendari aldaketa izan genuen. Aldaketa gauzatu ondoren, betiko gisan, zuzendari berriarekin audientzia eskatu genuen eta ordura arte kolektibo moduan onartuak izanak baginen ere, zuzendari berriak gure kolektibotasuna onartzen ez duela adierazi zigun.

Joan den negu osoa bi preso politikok berogailurik gabe eman zuten, maiz euren ziegetan 10º baino tenperatura baxuagoekin. Kirol eta bertzelako jardueretan parte hartzeko murrizketak ditugu. Azkeneko urtean aurrez aurrekoak asteburutan egiteko arazo eta trabak ditugu. Hamar lagunen zerrenda ospetsua ezarri berri sigute, sei hilabetean behin aldagarria. Bi modulutan gintuzten lehen, lau modulutan banatu gaituzte orain (hauetako bat hagitzez txikiagoa eta bizi-baldintza kaskarragoduna). Bistan da murrizketa denak isolamendu politikoaren islada eta ondorio direna.

Hau guzia guti balitz, eta 2. graduan gaudela kontuan izanik, urtarrilean zuzendari berriak «aisialdi eta patio zigorra» betetzeko modua aldatu zuen. Aurreko zuzendariarekin 4 patio ordu genituen goizez, zigorra arratsaldez modulu barrenean edo ziegetan betetzen genuelarik. Orain berriz, egun osoan zehar betetzen dugu, patio ordu bakarrarekin. Aipatzekoa da isolamendu zigorra beteta 2 patio ordu dugula. Hortaz, aisialdi eta patio zigorra isolamendu zigorra baino arinagoa bada ere, gogorrago bilakatzen da. Honi guziari eguneroko anekdota mordoa gehitu beharra zaio. Gai hauei guziei irtenbidea emateko beharra agerian utzi diogu zuzendariari instantzia eta idatzi ezberdinen bidez, baina egun ez dugu inolako erantzun edo jarrera aldaketarik jaso. Honengatik guziarengatik eta irtenbide bat bilatzeko asmoz, maiatza hasieran borrokaldia abiatu genuen; moduluka, txandaka plante gogorrak eginez; alegia, gure ziegetan sartzera ukatuz arrastaka eramanak izan arte, eta ondotik errekuento apurketa, plante informatiboak eta kontzentrazioak burutuz. Zuzendaritzaren partetik solaserako inolako borondaterik somatzen ez dugunez, eta borroka hau hasi genuenetik lau kide (hauek 10. artikuluarekin) eta gurekin batera borrokan zebiltzan bi kide preso politiko antifaxista urrundu dituztela kontuan izanik, borrokaldiarekin segituko dugu adierazitako gai horien irtenbiderako jarrerarik agertzen ez diguten bitartean.

Horrelako egoerak eta okerragoak bizi ditugu egun hainbat estatutan barreiatuta gaituzten euskal preso politikook. Gure engaiamendua argia eta tinkoa da, kolektibo gisa dagozkigun eskubideak errespetatu daitezela; halaber, Euskal Herriari dagozkion eskubideak eta bertako biztanleon nahia errespetatzea. Gure borroka eta konpromezuak, euskal herritar ororenak, bideratuko baitu gure herriaren etorkizuna. Status politikoaren alde, Euskal presoak Euskal Herrira!

Zaine REKONDO
Mecon giltzapeturik gaituzten 12 preso politikoon izenean

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun