2009ko maiatzerako akautuko da Bera-Behobia errepide berritua

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 31a, 14:13
TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Diputazioak hala diote

2009 urteko maiatzerako akautuak egonen dira N-121-A errepidean Bera eta Behobia arteko zatia berritzeko lanak, Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideek abenduaren 12an Iruñean egindako bileran segurtatu zenez. Orain arte lanak bide onetik doazela zehaztu zuen Josu Arrizabalaga, Gipuzkoako Errepideetako zuzendari nagusiak. Endarlatsa eta Behobia arteko zatia moldatzea dagokio Gipuzkoari. Aurreproiektua prest dute eta hilabete honetan, ingurumenean eraginen duen kalteari buruzko txostena onartuko dutela uste du Arrizabalagak. Lanak 2007ko lehen hiruhilabetekoan hasi eta, arestian aipatu bezala, 2009ko maiatzerako akautuko lirateke.

Nafarroako Gobernuak gipuzkoarren gisako epeak aurreikusi ditu Bera eta Endarlatas arteko zatia moldatzeko. Gobernuak urtarrilean onartuko du udalez gaindiko eragina duen egitasmoa. Lanak 2007 urte hasieran hasiko dira eta 2009ko maiatzean akautuko dira, epeak behar bezala betetzen badira. Gipuzkoarrek eta nafarrek batera eraikiko dute bi herrialdeak lotuko dituen zubi berria, Jose Luis Etxebarri Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentuko Errepideetako Zuzendari Nagusiak iragarri duenez.

Endarlatsako zubi berriaren proiektua idazteko lanak lehiaketara atera ditu Nafarroako Gobernuak. Hasierako aurrekontua 115.000 eurokoa da eta eskaintza teknikoak aurkezteko epea urtarrilaren 10ean akautuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun