Doneztebeko bulegoko langabetu kopuruak %5,61 goiti egin du urtarrilean

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 24a, 09:43
TTIPI TTAPA

715 langabetuk izena emana zuten, gehienak zerbitzu arlokoak

Nafarroan osoan bezala, langabeziak goiti egin du eskualdean urtarrilean. Joan den urte bukaeran, 677 langabetuk emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan, 2005. urte osoko kopururik handiena. Halere, urtarrilean bertze 38 langabetu gehiago apuntatu dira eta guzira 715 lagun dira egoera horretan gure eskualdean. Beraz, %5,61a igo da langabezia. Gainera, urteko lehen hilabetean Doneztebeko bulegoaren bitartez egin diren 427 kontratuetatik 54 bertzerik ez dira mugagabeak izan eta horrek erakusten du, behin behinekotasunak erabat hartua duela lan merkatua. Adinei dagokienez, 48 langabetu 25 urtez beheitiko gizasemeak dira eta 53 adin horretako emakumeak. 25 urtez goitiko 356 emakume eta 258 gizon daude langabezian. Beraz, denera 409 emakume eta 306 gizaseme daude lanik gabe, langabeziaren sexu joera ere garbi nabarmenduz. Sektoreka, zerbitzu arloak hartzen ditu langabetu gehienak, 408. 214 langabetu industria arlokoak dira, 56 eraikuntzakoak, 17 nekazaritzakoak eta 20 aitzinetik lanik egin gabeak. Ageri denez, joan den urtea gaizki akitu baldin bazen, aurtengoa ez da hobeki hasi lanari dagokionez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun