Zentral eolikoak eskualdean

Irakurri proiektuko hamaika eolikoak Eratsungo eta Ezkurrako lurretan paratu nahi ditu Zelena enpresak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 26a, 13:00
Irakurri proiektuaren barrenean paratu nahi dituzten hamaika eolikoen kokapena.

Azkua proiektuarekin egin bezala, Zelena Renovable enpresak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan aurkeztu duen 152 orrialdeko hasierako txostenetik hainbat datu atera ditu TTIPI-TTAPAk. Hasierako txosten honetan proiektuak ingurumenean izanen lituzkeen eraginak aipatu ditu enpresak, baina ez ditu sakon aztertu; hori heldu den faseetan landu beharrekoa izanen litzateke.

Hamaika eoliko paratu nahi ditu Irakurri aldean, denak Eratsungo eta Ezkurrako lurretan. Hala ere, aipatutako txosten horretan ageri denez, makroproiektua garatzeko beste toki batzuk ere mahai gainean izan dituzte, eta toki horretan hiru alternatiba izan dituzte aztergai. Azkenean, hauxe da aukeratu dutena.

Hamaika eolikoak Irakurri mendiaren iparraldean, ekialdean eta mendebaldean kokatu nahi dituzte, denak Doneztebetik Leitzara doan errepidean, eskuin aldera geldituko lirateke. Horietako bost Idoia menditik Irakurri aldera eta handik iparraldera paratu nahi dituzte, eta beste seiak Irakurritik ekialdera, Utsabal, Lesaiburu eta Oittotta alderdietan.

Oharra: Irudien gainean klikatuta, neurri handiagoan ikusiko dituzu.

 

17,1 kilometroko ebakuazio linea eta ia 200 metroko eolikoak

Kasu honetan, aireko eta lurpeko ebakuazio linea 17,1 kilometrokoa izanen litzateke eta hori Eratsun, Saldias, Beintza-Labaien, Ituren, Oiz eta Doneztebeko lurretan barna pasatuko litzateke. Gisa berean, proiektuak aurrera eginen balu, «eolikoak paratzeko lur mugimenduak, sei metroko bideak, linea elektrikoak lur azpian sartzeko zangak, transformazio-azpiestazioa eraikitzeko zimenduak...» eginen lituzkete.

Eolikoei dagokionez, dorreak 113 metroko altuera izanen lukete, eta errotoreen diametroa 163 metrokoa zanen litzatekeela kontuan hartuz, dorreak eta palaka aintzat hartuta, eolikoek ia 200 metroko altuera hartuko lukete. Hamaika eoliko horietako batek 4.360 kWeko potentzia izanen luke eta gainerako hamarrek 4.500 kWekoa. Eoliko bakoitzak 6.610 metro koadroko plataforma izanen luke.

Sei metroko bideak

Eolikoak dauden tokira joateko bidea NA-170 errepidetik egitea aurreikusia dute, 10. kilometroan gutxi gorabehera.

Irudian IR letrak dituzten tokietan paratu nahi dituzte eolikoak. Kolorez eginen lituzketen bideak ageri dira.

IR letrak dituzten tokietan paratu nahi dituzte eolikoak eta bakoitzak izanen lukeen plataforma ere ageri da. Marroiz, berriz, eginen lituzketen bideak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun