Liburutegiaren 30. urteurrena ospatuko dute aste honetan Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 23a, 13:00

30 urte bete dira aurten Donezteben liburutegia egin zutenetik, eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi eginen dituzte aste honetan. Gaur ospatzen den Nazioarteko Liburuaren Egunaren bueltan antolatu dituzte ospakizunak, eta batez ere haurrak izanen dira protagonistak.

Gaur goizean hasi dituzte ospakizunak astero liburutegian egiten duten haur txokoarekin. 12:30ean berriz, 30. urteurreneko besta egitekoa zuten San Miguel ikastetxeko lehen hezkuntzako haurrekin zineman.

Bihar, asteazkena, izanen dute jarraipena ekitaldiek. Goizean ipuin kontaketa izanen dute haurrekin. 09:30ean hiru urtekoak haurrak elkartuko dira, 10:30ean lau urtekoak, eta 11:30ean bortz urtekoak. Saio guztietan Haizea Loira ariko da kontaketak egiten. Arratsaldean, berriz, 18:30ean zortzi eta hamar urte arteko haurrentzako altxorraren bila jokoa eginen dute liburutegian.

Ortzegunean, hilaren 25ean, emakume idazleen testuen irakurketa eginen dute 18:30ean musikak lagunduta. Liburutegian elkartuko dira eta bertako irakurle taldeak antolatu du.

Heldu den astelehenean bukatuko dituzte urteurrenerako antolatutako ekitaldiak. 18:30ean Vino eleberriaz arituko dira Luisa Etxenike liburuaren idazlea bertan dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun