MARKEL JABALERA JUANENA

«Ikaragarrizko esperientzia izan da Onddo Cup»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 21a, 07:00

Futbola maite duen doneztebar gaztea da Markel Jabalera, eta Onddo Cup txapelketan parte hartu zuen Aste Santuan Elizondon; baita emaitza onak lortu ere, irabazteaz gain jokalari onenaren saria eman baitzioten.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Pertsona burugogorra bezala definituko nuke neure burua, gauzak gaizki egiten ditudanean berriz saiatzen naiz eta ez naiz inoiz errenditzen.

Zein dira zure zaletasunak?

Nire zaletasunetako bat futbolean aritzea da, eta erraketarekin aritzea ere gustuko dut.

Nondik heldu zaizu futbolarekiko afizioa?

Aitarengandik heldu zait.

Noiz hasi zinen futbolean jokatzen?

Ttiki-ttikitan hasi nintzen jokatzen, Doneztebeko taldean.

Antsoaingo Gazte Berriak taldean aritzen zara gaur egun. Nola sortu zitzaizun hara joateko aukera?

Orain dela urte dezente Taxoareko eskolarteko txapelketan aritu ginen eta bertan txapelketako jokalari hoberenaren saria eman zidaten. Horregatik izan nuen aukera Antsoaingo taldean sartzeko, eta hagitz gustura egon naiz hasieratik.

Baztango Onddo Cup txapelketan parte hartu duzue aurten doneztebarrek. Zergatik?

Joan den urtean ere parte hartu genuen, baina ez genuen hagitz torneo ona egin eta aurten arantza hori kendu nahi genuen.

Nolako esperientzia izan da?

Ikaragarrizko esperientzia izan da, eta maila hagitz altua zegoen.

Txapeldunak izan zineten. Lehia gogorra izan zen?

Lehia hagitz gogorra izan zen talde indartsuen kontra aritu ginelako, baina azkenean garaipena lortu genuen. Finalean izugarrizko giroa sortu zen kiroldegian.

Jokalari onenaren saria eman zizuten. Espero zenuen?

Ez nuen espero, txapelketan jokalari hagitz onak zeudelako, baina ilusioz hartu nuen saria.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Epe motzera, Antsoaingo taldearekin denboraldia ongi bukatzea eta igoera lortzea.

Eta epe luzera?

Egia erran ez dakit zer eginen dudan epe luzera, hainbat aukera ditut buruan…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun