Gabenara musika taldeak azken kontzertua Zubietan emanen du larunbatean

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 17a, 10:00
Lehenbizikoa bezalaxe, azken emanaldia ere Zubietan eskainiko du Gabenara musika taldeak.

Zubietan eskaini zuen bere lehen kontzertua Gabenara taldeak eta hainbat urtetako ibilbidearen ondotik, herriarekin duen harremana kontuan hartuta, bere azkeneko kontzertua ere Zubietan eman nahi izan du apirilaren 20an. Larunbat honetako azken emanaldi horren inguruan egun osoko egitaraua antolatu dute.

Egun osoko ospakizuna eginen dute eta emanaldia baino lehen herri kirolak, trikipoteoa eta bazkaria izanen dute

Honela, larunbatean 12:30ean herri kirolak izanen dituzte, herritarren arteko desafioarekin. Ondotik trikipoteoa eginen dute. 14:30ean bazkaria izanen dute. Bazkarirako txartelak 30 eurotan salgai daude Santxon eta Herriko Ostatuan eta honako menua izanen da: zizka-mizkak, zesar entsalada, oilasko errea patatekin, postrea, kafea eta kopak eta konbinatuak. Bazkalondoa ere musikaz eta kantuz alaitua izanen da. 18:30ean hasiko da Gabenara taldearen azken kontzertua eta ondotik festak segituko du, nekatu arte. Iluntzean Herriko Ostatuan ogitartekoak hartzeko aukera ere izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun