Beintzako Ostatua-Aterpetxea ixteko arriskuan dagoela jakinarazi dute, ia 35 urtez jardunean aritu ondotik

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 15a, 14:00
Idoia Etxeberria eta Mikel Albisu, Beintzako Aterpeko ostalariek, hainbat eragileren babesa izan dute gaur Donezteben egindako prentsaurreko jendetsuan.

Ostatua kudeatzen duen familiak Beintza-Labaiengo Udalaren jarrera salatu du eta hainbat eragileren babesa hartu du gaur Donezteben egin duen agerraldian

Nafarroan sortu zen lehenbiziko aterpetxe turistikoetako bat da Beintzako aterpea eta, aldi berean, Beintza-Labaiengo herriko ostatua da. Urriaren 8an 35 urte beteko ditu jardunean eta 2030 bukaera arte kontratua du. Baina, berriki «herrira bizitzera etorri zen bizilagun batek Nafarroako Gobernuko Turismo Zerbitzuan jarritako salaketa baten aitzakiaz, eta nahiz eta bere kontrako salaketarik ez izan, Beintza-Labaiengo Udala ostatua-aterpetxearen itxiera ekarriko duen hainbat neurri hartzen hasia da, jarduera ez delako ez ekonomikoki ezta antolakuntza aldetik bideragarria izanen».

Turismo Zerbitzuak aterpetxea hainbat irregulartasunez akusatzen duen salaketa artxibatu duen bitartean, Beintza-Labaiengo Udalak bere aldetik jarraitzea erabaki du, «udal instalakuntzak jangela zerbitzurako erabiltzeari eta herriko leku publikoak aterpetxea kudeatzen duen Orbela enpresak antolatutako jardueretarako erabiltzeari eragiten dien neurriak hartuz», Mikel Albisu eta Idoia Etxeberria arduradunek aipatu dutenez.

Beintza-Labaiengo herriak, 225 bizilagunekin, bere populazioaren % 25 galdu du mende honetan zehar eta, «eskualdeko bertze herri askotan bezala, badaki zein zaila den herri txiki eta apartatu batean ostalaritzako jarduera eta zerbitzua bati eustea», adierazi du Albisuk. Horregatik, herriko ostatuko jarduera aterpetxeko eta turismo jardueretako proiektu batekin lotua egon da, bere bideragarritasun ekonomikoa bermatuz. Bertako ostalariek Orbela enpresa sortu zuten eta, «2008 urteko eta Covid-19ko krisiak gainditu ondotik, bertako kultura, hizkuntza (euskara) eta natur baliabideak baloratzen eta errespetatzen dituen proiektua garatzen» segitzen dute. Guztira, bost pertsona aritzen dira urte osoan, 7-8 udan. Hala, urte hauetan «50.000 lagun baino gehiago izan dira aterpetxean, gehienak eskola edo aisialdi taldeak, familiak eta kuadrillak, eta bertako gastronomia goxoa eta produktuak dastatu dituzte ere. Bertako komertzioa sustatzea, batez ere eskualdeko herri nagusia den Doneztebekoa, proiektuaren bertze ezaugarri bat da».

Mikel Albisuk eta Idoia Etxeberriak, bertako ostalariak eta Orbelako langileak, ez dute Beintza-Labaiengo Udalaren jarrera ulertzen. «Udalak erabaki du bere solairuan dagoen eta aterpetxeko jantokirako erabiltzen den areto baten zesioa kentzea –jakinarazi dute–, leku hori bertze jardueratarako (haur eta ikasleekin jokoak/tailerrak) erabilia izan dela argudiatuz, 42 leku duen aterpetxea 30 leku eskas duen jantoki batekin utziaz». Zesio hori aurreko udal korporazioak egin zuen eta, oraingoak legez kanpokoa zela erraten bazuen ere, Nafarroako Kontseiluak prozedura legala izan dela ebatzi du. Udalak ematen duen soluzioa, «Turismo sailak onartuko lukeen aterpetxeko logelen artean dagoen gela baten erabilpena, ez da bideragarria», erran du Albisuk. Horrez gain, udala herriko leku publikoen erabilpena arautzen duen ordenantza garatzen ari da (bereziki, ostatua-aterpetxe ondoko frontoia), taldeentzako antolatzen diren jarduerak nabarmen murriztuz eta/edo debekatuz. Hau bereziki larria da eta «2010ean ostatua-aterpetxea esleitzeko baldintza pleguaren kontrakoa, bertan 100 puntutik 35 ematen baitziren Turismo sailean erregistratutako enpresek antolatutako eta herrian garatutako jardueren programari». Jarduera hauek 34 urtetan zehar garatu dira herritarren erabilpena errespetatuz eta bermatuz, eta horren froga da urte hauetan ez dela ia kexarik ezta salaketarik izan.

 

 

Otsailaren 23ko batzarrean herritarren babesa

Beintza-Labaiengo Udala neurri hauek eta ordenantzak garatzen ari da hainbat herritarrek egoera argitzeko asmoz 2023ko irailean eskatu zuten herri batzarra deitu gabe. Batzarra 2024ko otsailaren 23an egin zen, bost hilabete beranduago, parte hartze handiarekin (ia 100 bizilagun) eta, loteslea ez bada ere, «udalari arazoari irtenbide positibo bat emateko eskatu zitzaion, ordenantzak eta erabakiak bere eskumenekoak izanik, ostalariekin akordio batera ailegatuz eta ostatua-aterpetxeko jarduera bermatuz». Ostalariek neurrien aplikazioan luzapena eskatu dute irailaren lehena arte, udaberri honetan 20 ikastalde baino gehiagok egonaldia erreserbatu eta udan udalekuak antolatuak eta martxan dituztelako. Proiektu hauek aterpetxearen bideragarritasun ekonomikoan beharrezkoak dira eta, nolanahi garatuko badira ere, udalaren neurriek programazioan eraginen dute.

Beintzako aterpeko ostalariek, gizarteko hainbat eragilerekin batera, Beintza-Labaiengo Udalari eskatu diote Beintzako Ostatua-Aterpetxea bideragarritasun ekonomikoa zein organizatiboa eragozten dituen neurriak bertan behera utzi eta ostalariekin irtenbide negoziatu bat bideratu dezala. Halaxe, deialdi berezi bat egin nahi izan diete despopulazioaren arazoan inplikatuak dauden entitateei (partidu politikoak zein Nafarroako Parlamentua), landa eremuan populazioa finkatzeko proiektu ekonomikoak sustatzen dituzten entitateei (Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoa eta Cederna-Garalur Elkartea), natur eremuetan errespetuzko garapen turistiko jasangarria bultzatzen dutenei (Nafarroako Turismo Zerbitzua) edo bere herriko komertzioa kaltetua izanen den udal ordezkariei (Doneztebeko eta bertze udalak), beti ere entitate bakoitzeko eskumenak errespetatuz, Beintza-Labaiengo Udalari bere kezka adieraztea eta egoerari irtenbide bat bilatzeko iradokitzea, Beintzako Ostatua-Aterpetxea Orbela proiektuaren segida eta jarduera bermatuz.

 

Xabier ZUGARRAMURDI, Arantzako Aterpe Aterpetxea:

«Euskara sustatzeko proiektuetan akuilu izan da Beintzako aterpea»

Gure kasuan badira 25 urte inguru Beintzako eta Arantzako aterpeak elkarlan handia egiten dugula, bertzeak bertze euskara sustatzeko proiektutan lan egin dugu, bai gure udalekuak antolatzen, baita Nafarroako Gobernuko hezkuntza departamentuarekin ere. Dudarik gabe, akuilu inportantea da eskualdean euskara sustatzeko proiektuetan Beintzako aterpeak egin duen papera. Injustizia honen aitzinean, zer erran, inpotentzia handia sentitzen dugu, prozesu guztia nola izan den ezagututa, ez da justua bizilagun batek nola baldintzatu dezakeen herri bateko elkarbizitza. Honetan larriena udalak har dezakeen jarrera da, indar ematea kanpotik etorri den pertsona bati. Ni Irunera joan eta goizeko lauretan zaborra biltzen duen kamioiaren zaratarengatik Irungo udalari salaketa jartzea bezala da. Surrealista da. Herri txikiak hustearekin kezkatuak gaude eta Beintzako aterpeak egiten duen papera hagitz inportantea eta herriak badu aunitz galtzeko. Aterpe bat ezin da bizi haurrekin egiten diren egonaldiak kentzen badira, 200 bizilaguneko herri batean ezin da bizi asteburuetara bakarrik begira, familia batek ezin du bizia atera. Baldintza horiekin zaila da jarraitzea, baina injustizia honen aurrean borrokatu egin behar da eta aurrera egin. Arantzako aterpearentzat ere garrantzitsua da segitzea, elkarrekin euskara sustatzeko egonaldiak prestatzen ditugu eta 600 haur etorriko dira gure aterpetara, Beintzako kasuan 10 urteko haurrak gainera. Erranen diguzue zer molestatzen duten haur ttiki horien algarak eta irribarreak herri batean. Gure elkartasun osoa Mikel eta Idoiarekin.

 

Amaia JUANIZ, Irungo Dunboa Ikastetxe Publikoko irakaslea:

«Gure ikasleek aukera eskasa dute euskara egoera naturalean bizitzeko eta horregatik ezinbestekoa iruditzen zait aterpea mantentzea»

Gure eskolako ikasleak inguru erdalduneko hiritarrak dira eta aukera eskasa dute euskara egoera naturalean bizitzeko eta landa giroa hurbiletik ezagutzeko, ez bada antolatzen ditugun txangoen bitartez. Horregatik da guretzat hain garrantzitsua Beintza bezalako aterpeak egotea. Azken urteetako gure aukera izan da Beintzako aterpean gure ikasleekin gaua pasatzea eta beraientzat esperientzia ahaztezina izan da: bertako janari goxoa, herrian zehar lasai ibiltzeko askatasun hori, bertakoen bizimodura hurbiltzea, euskararekiko gertutasun sentimendu hori, beraiek ez dute inoiz ahaztuko. Horregatik ezinbestekoa iruditzen zait aterpe hau zutik mantentzea»

 

Iñaki SANZBERRO, Baztango Mendigoizaleak eta Erratzuko alkatea:

«Horrelako ostatuak sozializatzeko lekuak dira, herriari bizi handia ematen diote»

Gure afizioa mendia da, astebururo mendi ateraldiak antolatzen ditugu eta aunitzetan Malerrekara etortzen gara, baita Beintza-Labaienera ere. Guretako arras eskertzekoa izaten da mendi ateraldi luze bat egin eta gero, Beintzako ostatua bezalako batean bazkari eder batekin akitu ahal izatea gure ibilaldia. Egunetarako ibilbideak ditugunean ere horrelako aterpetxeak arras ongi heldu dira atseden hartzeko. Arras inportantea da Beintzako ostatua orain arte bezala mantentzea. Erratzuko alkate naizen neurrian, aipatu zein garrantzitsua den horrelako herri ttikietan horrelako ostatu-jatetxeak mantentzea, herriari bizi handia ematen diotelako, sozializatzeko lekuak direlako eta ikusi dugulako herri ttikietan ostatuak desagertu direlarik, zein zaila den ostatu horiek berriz martxan jartzea. Azkenean, jendea joan egiten da herrietatik.

 

Mikel BANGO, Doneztebeko Elorza Harategiko harakina:

«Bertako produktuaren aldeko apustua egin dute eta plazera da beraiekin lan egitea»

Beintzako ostatuak eskualdeko komertzioaren aldeko apustua eta urteetako lan harremana dugu. Beharbada bertze lekuren batean gurean baino merkeago edo garestiago eros dezakete haragia, baina bertako produktuaren alde egin dute eta egunero etortzen dira. Plazer bat da beraiekin lan egitea. Lotsagarria iruditzen zait 200 bizilaguneko herri batean horrelako kezkak eta gatazkak sortzea. Kanpotik etorri eta ezin dute bertze guztien gainetik beraien iritzia.

 

Zipriana MATXIÑENA, Aterpetxeko langilea eta Beintza-Labaiengo herritarra:

«Herriari bizitza ematen dio eta niretako inportantea da herrian bertan lan egin ahal izatea»

Ostatuak, herriarentzako zerbitzua emateaz gain, emakumeentzako lan aukera polita da gurea bezalako herri txiki batean. Herriari bizitza ematen dio. Ikusi besterik ez da egin behar zer jendetza biltzen den asteburutan, adin guztietakoa, igandetako aperitibora. Hori sakratua da. Giro paregabea izaten da. Horretaz aparte, nik bertan lan egiten dut eta, benetan, emakume langile bezala, interesgarria eta niretako inportantea da herrian bertan lan egin ahal izatea.

 

Belen URRUTIA, Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko idazkaria eta Elbeteko Posadakoa:

«Ezin dugu horrelako baliabide turistiko bat galtzen utzi Baztan-Bidasoaldean»

Hainbat urte ditugu Baztan-Bidasoaldean hainbat eta hainbat proiektu aitzinera eramaten, turismoa kudeatzeko. Zailtasunak izan ditugu, krisia dela, pandemia dela, arazo gehiago etorriko direnak… baina aitzinera ateratzen gara eta ez gaude kide bat galtzeko, ez ekonomikoki, ez pertsonalki. Baliabide turistiko garrantzitsua da Beintzako aterpea eta ezberdina gainera, ez bakarrik umeendako edo helduendako aterpe bezala, ostatu bezala, aktibitateak egiten dituelako, eta espeleologia egiteko aukera ematen du. Kirola ikasten duten gaztetxoek praktikak beraiekin egiteko aukera ere badute. Ezin dugu horrelako baliabide turistiko bat galtzen utzi Baztan-Bidasoaldean. Afera honek ez du ez hankarik ezta bururik ere. Gure babes osoa dute.

 

Beatriz HUARTE, ANAPEH Landa Turismoko Federazioa:

«Nafarroako herri aunitzek amets eginen lukete horrelako proiektu batekin»

Herrietako ostatuek eta landa turismoak ekonomia sortzen dutela jakina da, gure elkarteetatik beti hori defenditu dugu eta kuriosoa da oraindik orain hori aldarrikatu behar izatea. Enplegua sortzen dute, kultur ondarea babesten dute, tradizioak babesten dituzte, parte-hartze soziala sustatzen dute. Zoritxarrez, ANAPEH elkartetik erran dezakegu arrakasta izaten duten udal aterpe oso-oso gutxi ezagutzen ditugula. Beintzakoa salbuespenetako bat dela erran daiteke, 35 urte dituzte lanean, proiektua sortu, hazi eta sendotu dute, baina beti bertakoaren ikuspegitik. Nafarroako herri aunitzek amets eginen lukete Beintzako aterpea bezalako proiektu batekin, herria mapan kokatzen lagundu duen proiektu batekin. Milesker zuei, zuena bezalako proiektu hauengatik balio duelako ANAPEHn egiten dugun lana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun