ANDONI ZOZAIA URSUEGI

«Kalkuluak egitea eta formulak ikastea baino gehiago da matematika»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 17a, 10:00

Momentuan Eslovenian bizi den matematikaria da Andoni Zozaia Ursuegi urroztarra. Denbora librea «lasai» pasatzea du gustuko: «liburu edo film on bat, mendira bueltaxka, bertso batzuk… erantzun tipiko guztiak!».

Matematikaren bidetik

Betitik izan du gustuko arlo zientifikoa, eta aitortu duenez, «karrera bat baino gehiago eduki nuen buruan aukeratu behar zenean, ez nekielako sobera ongi matematika ikasteak zein irtenbide zituen». Baina hori aukeratu zuen, «gehien gozatzen nuen arloa baizen, eta irakasle onak edukitzeko zortea izan nuelako».

Azaldu duenez, «matematikak sobera fama txarra du, akaso ttikitan ez delako behar bezala erakusten. Ematen du dena kalkuluak egitea dela». Aitzitik, «karreran formulak buruz ikasi baino gehiago, modu ordenatuan pentsatzeko eta kontzeptu abstraktuak imajinatzeko gaitasuna behar da». Eta «berezko pixka bat» behar bada ere, «hori praktikatzen da, eta gauza guztietan bezala, esfortzu kontua da. Matematikak gustatzen zaizkion edozeini gomendatuko nioke karrera».

Ikasketez gain, ikerketa teorikoan ere aritu da Andoni: «ematen du matematika guztia aspaldi asmatu zela, eta jada ezin dela deus berririk sortu, baina ez da hala. Jende aunitz dago, ni tartean, teoria berriak sortzen ari dena. Ikerketa praktikoan aritzen direnek, berriz, lortzen diren emaitzak erabiltzen dituzte optimizazio problemetarako, proiekzio estatistikoak egiteko… lehenbizikook gure lana eginen ez bagenu, bigarrenek ez lukete zer aplikatu izanen».

Beraz, matematikari teoriko baten lana zein den argi du: «pentsatzea. Nire kasuan aljebran aritzen naiz lanean, matematika teoriko puruan. Lana, batik bat, erreferentziak irakurtzea, teorema berriak topatzea, eta horien frogapen formalak idaztea eta argitaratzea da. Gero, emaitzak kongresuetan zabaltzen dira».

Esloveniara lanera

Aurtengo ikasturtean Esloveniara joan da Andoni, Ljubljanako Unibertsitatean klaseak ematera. «Komunitate matematikoan hartu-eman handia dago, eta kongresu aunitzetara bidaiatzen da. Gai berdintsuan lanean ari garen guztiok elkar ezagutzen dugu, eta ikerlari horietako bat Eslovenian dago finkatuta. Harekin lan egiteko aukera suertatu zitzaidan, eta ona iruditu zitzaidan profesionalki garatzeko eta esperientzia berriak bizitzeko».

Azaldu duenez, «lehenago ere Europako ekialdean egona nintzen, eta dena nahiko antzekoa da. Ez dago halako alderik Euskal Herriko hiriekin». Hala ere, «esperientzia arront positiboa izaten ari da. Atzerrian bizitzean jendea ezagutu eta bizimodu berriak ikusi eta ikasten dira. Pentsamenduak zabaltzen dira, eta norbere kabuz moldatzen ikasteko ere balio du. Hori beti da aberasgarria».

Klaseak ematen esperientzia zuen lehenagotik Leioan, «eta han edo hemen, antzekoa da. Hasieran klase oso baten aitzinean ingelesez aritu beharrak ematen zidan beldur gehien, are gehiago beraien ama hizkuntza esloveniera denean. Baina ez da arazorik egon».

Hezkuntza sistemak iduritsuak badira ere, «ezberdintasun nagusia irakasleen eta ikasleen arteko harremana da. Izan ere, klaseetan jende guttiago dago, eta beraz, parte hartze handiagoa. Ikasleak aunitzez gehiago ateratzen dira arbelera, irakasgai guztietan ahozko azterketak egiten dituzte, eta aunitzetan gaitegia eta erritmoa ikasleen interesetara moldatzeko aukera dago».

Etxetik kanpo

Urroz eta Ljubljanaren artean alde haundia ikusten du; «Ljubljana hiriburua da, hiri ttikia baina hiria azkenean, eta aisialdirako aukera gehiago daude gure eskualdearekin konparatuta. Bertzetik, herrialdea ttikia da eta ordu pare batez Alpeetara edo kosta adriatikora joan daiteke».

Hala ere, Urroz gogoan du; «lasaitasuna eta natura Eslovenian ere topa daitezke, baina etxea etxea da; familia eta lagunak han daude, eta batzuetan haien falta nabaritzen da».

Bere asmoei dagokionez, «momentuz atzerriko egonaldia aprobetxatu nahi dut: hizkuntzak ikasi eta praktikatzeko, leku berriak ezagutzeko, profesionalki garatzeko… baina hau etapa bat da, eta etorkizunean Euskal Herrira bueltatzea gustatuko litzaidake, hango unibertsitateren batean ikertzen segitzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun