Garbiguneei esker Malerrekan 95 tona hondakin bereizi selektiboki kudeatu eta 20 tona hondakin berrerabili dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 15a, 17:00
Donezteben dagoen Malerrekako Garbigunean urtebetean 88 tona hondakin berezi kudeatu dituzte urtebetean.

2023ko otsailean ireki zenetik ia bi mila lagun joan dira Doneztebeko Garbigunera hondakin bereziak uztera

Gaur egungo gizartearen arazo larrienetariko bat eten-gabeko hondakinen sorrera da. Biztanleria kopuru geroz eta handiagoak, batetik, eta gaur egungo kontsumo ereduak, bertzetik, geroz eta hondakin kopuru handiagoa sorrarazten dute, eta hondakin horien kudeaketa lehentasun handiko kezka edo gaia bihurtu da.

Hori dela eta, gizartean zein ekosistemetan eta biodibertsitatean kalteak ekiditeko, tokiko administrazioek bi erronka garrantzitsu dituzte aurrean: prebentzioa/murrizketa bultzatzea eta sortutako hondakinen kudeaketa eta tratamendua optimizatzea.

Etxeko hondakinen artean esanguratsua da tresna elektronikoen, jostailuen, pinturen, eta abarren presentzia, era desegokian kudeatzeak ingurugiroan kalte handiak sor ditzaketelako.

Hori dela eta, Miterd izeneko diru laguntzei esker, Malerrekako Mankomunitateak hondakin horien sorrera murrizteko eta horien kudeaketa hobetzeko baliabide sorta ezarri zuen, etxola formako garbigune txikiak eta Doneztebeko Garbigunea.

Horrela, Malerrekako Mankomunitateak Iturenen eta Donezteben ezarrita dauden eta errentan zituen etxolak erosi zituen eta horretaz gain, Donamarian hirugarren etxola bat jarri zuen. Birziklapen etxola horiei esker, urtebetean 7 tona hondakin berezi (disolbatzaileak, pinturak, pilak, etxetresna elektriko, etab…) modu egoki batean kudeatu ahal izan dira.

Donamarian hirugarren garbigune ttikia ezarri dute.

 

Urtebetean 1.924 herritar pasa dira Doneztebeko Garbigunetik

Bertzalde, Nafarroako Gobernuko PIL eta Hondakinen Funtsa eta Europako Miterd diru laguntzei esker, Mankomunitateak  600.000 eurotik goitiko inbertsioari aurre egin ahal izan zion eta Doneztebeko Garbigunea eraiki zuen. Horrela, 2023ko otsailean martxan jarri zenetik, garbigunera 1.924 herritar gerturatu dira hondakin bereziak bertan uztera (egurra, etxetresnak, jostailuak, obra hondakinak, txatarra, etab.). Osotara urtebetean 88 tona selektiboki kudeatu dituzte Garbigune honetan. Eta ez hori bakarrik, garbigune barruan dagoen bigarren eskuko merkatuari esker, 20 tona hondakin berrerabili dira hala nola: altzariak, jostailuak, bizikletak, baxerak, liburuak,…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun