Martxoak 8 (2024)

Martxoaren 8aren bueltan hainbat ekitaldi eginen dituzte Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 5a, 13:00

Ortzilarean, martxoaren 8an ospatzen da Emakumeen Nazioarteko Eguna. Horren harira, hainbat ekitaldi izanen dira eskualdean, eta tartean baita Donezteben ere.

Eskolako guraso elkartean, udalak eta mugimendu feministak antolatu ditu ekitaldiak, eta egun guzian zehar izanen dira.

12:00etan DBHko ikasleek lilamaratoia eginen dute herrian zehar. 17:00etan haurrentzako eskulanak izanen dira eskolako aterpean, eta ondotik berendu autogestionatua izanen da. Ordu erdi beranduago, 17:30ean liburutegian Jon Abril idazlearen Isildutako eskuak liburuaren aurkezpena eginen dute udalak antolatuta.

19:o0etan hasita, aldiz, martxa feminista eginen dute eskola inguruan hasita. Martxa bukatuta, trikipoteoa eginen dute eta afari autogestionatua izanen da Herrigunean. Afaria alaitzen Alazne Untxalo eta Kattin Madariaga bertsolariak ariko dira. 

Biharamunean gehiago

Biharamunean, larunbatean, 12:00etan Mendi Abesbatzak kontzertua emanen du eliza atarian. Emanaldia emakumeek bakarrik bi kanta abestuz hasiko dute eta ondotik elkartuko zaizkie gizonezkoak. Errepertorio guzia emakumea erdigunean jartzen duten kantek osatuko dute, eta bukaeran Mikel Markezek Uxue Alberdiren letra erabiliz sortutako Konplize ditut eta kanta abestuko dute, Mendi Abesbatzak espresuki egindako korurako moldaketan. 

Ondotik, 13:00etan emakumeen arteko aizkora apustua izanen da. Maika Ariztegi iturendarra, Nerea Sorondo beratarra, Nerea Arruti eta Oihana Fernandez de Barrena ariko dira eliza atarian eginen duten desafioan.

Bihar solasaldia

Ortziraleko ekitaldiez gain, bihar, asteazkena, Bestak eta ohiturak, Eta Malerrekan zer? jardunaldia eginen dute. Festa dezagun, gaurdanik geroa! dokumentala ikusiko dute lehenik, eta ondotik solasaldia izanen da. 18:30ean Elgorriagako ostatuan izanen da, bihar. Malerrekako eta Bertizaranako mugimendu feministak antolatu du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun