Inauteriak 2024

Eguraldi eta giro ederrarekin pasatu dituzte inauteriak sunbildarrek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 29a, 11:30

Ortziraletik igandera, hiru egunez, inauteri giroan murgilduak ibili dira sunbildarrak eta «borobilak» izan direla adierazi dute. Gazteen eskea, eskolako lagunen tailerrak, emakumeen afari jendetsua, karroza ederrak...

Testua: Maider Petrirena. Argazkiak: Utzitakoak.

Ortziralean, gazteek eman zioten hasiera inauteriei, Ariztigain kanpinean gosari ederra eginda. Urteroko familiako argazkia ere atera zuten. Ondotik, bi taldetan banatu eta Meaka aldekoak Joxe Angel akordeoilariarekin baserrietan eskean ibili ziren. Mendaur aldekoak, berriz, Modesto izan zuten musika lagun.

Eskolako ikasleek eta irakasleek ere tailerrak egin zituzten, argazkietan ikus daitekeen bezala, eta ondotik, kalejira egiteko eguraldia ezin hobea izan zuten. Arratsaldean txokolatea eta musika izan zuten plazan. Arratsean, 80 emakumek afaria eder batez gozatu zuten, baita sorpresa politaz ere (Las supremas de Móstoles). Ondotik, bingoa ere izan zuten.

Larunbatean gazteak herrian barna eskean ibili ziren Beñat Mitxelena akordeoilariarekin. Arratsaldean Ulibeltzak elkartean DJ J&J-k giro ederra jarri zuten.

Igandea, egun handia izan zen, eguraldi beroa bezain giro ederra. Urtero bezala, lehenbiziko hiru karrozak saldarekin (380 litro), tortillekin (1.400 arroltze), gaztainekin, ardoarekin eta taloekin (40 kilo irina) atera zituzten eta bertaratutako ikusle guztiei banatu zizkieten. Segidan hasi zen kolore eta ikuskizun besta, karrozekin: A taldea, Sorginkerietan, First date, Dakar, sanferminak, Ali Baba eta 48 lapurrak, Aupa Roxio, Piensa en Verde, Etxos un Belen...

Bukaeran zozketen txanda izan zen. Urdaiazpiko bat Iruñeko Angel Goñi Bracok eraman zuen. Bildotsa, berriz, Getariako Esteban Alvarez Unanueri egokitu zitzaion. Baina bi zenbaki atera gabe gelditu dira: 4.970 (urdaiazpiko bat) eta 7.294 (bi botila ardo eta gazta). Aste bateko epea izanen da saria eskuratzeko. Zenbaki hauetako bakarren bat izanez gero, 948 45 00 71 edo  618 36 84 32 telefonora deitu behar da.

Inauteri bikainak ateratzeko lanean aritu diren guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete, baita Sunbillara bertaratu diren guztiei ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun