KARMELE MARTIN CAMARA

«Merkatuko Plazako giroa erakutsi nahi izan dugu muralean»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 12a, 08:00
Karmele Martin Camara, horma-irudia margotu duen emakumeetako bat

Telefonicako horma margotu dute udara honetan Karmele Martinek eta Maria Iruruetak eta irudi eder bat osatzeaz gain, jolaserako proposamena egin dute

Kolore, letra eta marrazkiek apaintzen dute, duela gutxira arte, pintadek hartzen zuten tokia. Udara honetan margotu dute horma-irudia Telefonicako etxean. Baliabide gutxirekin, esperientzia are gutxiago, baina ilusioz gainezka ekin zioten lanari Karmele Martinek eta Maria Iruruetak. 

Arazo bati irtenbidea

Formakuntza eta enplegu tailer batean, lorezaintza eta pintura lanak egiten ari ziren biak: «pareta, sabai, leiho... asko margotu genituen eta zerbait artistikoagoa egin nahi genuela esan genion koordinatzaileari. Horma-irudi hau margotzeko proposamena egin ziguten eta animatu egin ginen». Alderdi artistikoa lantzeko aukera ematen zieten eta bidenabar arazo bati irtenbidea ematekoa: «pintadez josia egoten zen pareta eta noizbehinka zuritzera joan behar izaten zuten. Ez zuen askorik irauten, beste pintada bat egiten zutelako segituan. Zerbait koloretsua eta polita margotuta, errespetatuko zutela pentsatu genuen».

Sei metroko zabalera

Sei metro luze eta bi metro eta erdi zabal ditu hormak eta Karmelek aitortu du: «horrelako dimentsioko lana egitea ez da erraza». Gainera, ez dira adituak, ezta arituak ere: «ez gara inolako margolari esperientziadunak, baina ilusio eta pazientziarekin, azkenean, egin dugu. Hitz klabea, pazientzia izan da». Abuztu bukaeran hasi eta hiru aste pasatxo behar izan zituzten bukatzeko: «pareta garbitu, zuritu, prestatu… genuen lehenbizi. Gero, koordinatzaileak eman zigun diseinua koadrikula baten bidez pasa genuen paretara. Lehenbizi arkatzez egin genuen marrazkia eta gero, siluetak egin, kolorea eman…». 

Eguraldiak ere asko baldintzatu zuen beraien lana: «bero handia egin zuen eta pintura lehortu egiten zitzaigun berehala. Eguzkitik babesteko soka eta tela batzuk jarri genituen itzala egiteko, baina tartean euria ere egin zuen. Plastikoa gainetik jarri genuen eta itaxura sortu zen. Pintatu berria zegoen zati bat hondatu zitzaigun. Horrelako gorabeherak izan genituen eta eskura genuenarekin moldatu ginen». Teknika aldetik ere lan berezia zen, eskuz egin baitzuten dena: «ikusitakoan pentsa dezake norbaitek, laser bidez proiektatuta edo plantilla batekin egina ote den, baina ez, dena eskuz egina da».

Irudimena dantzan

Merkatuko Plazako giroa ageri da muralean: «artzainak eta tratanteak ageri dira, Mendaurko trinitatea eta bertan dauden platanondoen hostoak». Letrek eman diete inprobisatzeko aukera: «tipografia bereziak erabili ditugu eta apaintzeko igitaia, meta, txondorra, katiuska berdeak, astoa… erabili ditugu». Azaroaren 17an Doneztebeko ferietara joaten direnek horma-irudia ikusi eta eguneko giroarekin alderatzeko aukera izanen dute eta baita jolastekoa ere: «hurbilduta badira detaile berezi batzuk, urrutitik ikusten ez direnak. Literaturarekin lotura egin eta Printze txikiaren irudi txiki bat marraztu dugu. Erdi ezkutuan dago eta jendeari horixe aurkitzeko erronka luzatu nahi diogu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun