Uholdeen aurkako planaren aurkezpena eginen du Doneztebeko Udalak otsailaren 21ean

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 19a, 15:25
Uholdeak Doneztebeko Uhartean, 2015ean.

Asteazken arratsaldeko 7etatik aitzinera Herrigunean

Nafarroako Gobernuak, udalarekin batera prestatutako uholdeen aurkako plana behin homologatua eta Udal Batzak onartuta, herritarrei aurkeztea falta da. Doneztebarrek aukera izanen dute plan honen nondik norakoak ezagutzeko. Hitzordua otsailaren 21ean, asteazkenean 19:00etan Herrigunean izanen da. 

 

Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako, Ingurumenerako eta Toki Administraziorako kontseilaria den Isabel Elizalde kontseilaria, Babes Zibileko arduradunak baita Nafarroako Ingurumen Kudeaketako teknikariak bertaratuko dira. Aurkezpena osatzeko, eta herritarrek plan hau eskura izateko, Udalak azalpen eta aholkuekin argitaratutako eskuorria etxe guztietara igorriko du.

 

Eskuorri informatiboa banatuko da

Aurkezpenaren ondotik, plana herritar guztiengana zabaltzeko, eskuorri bat argitaratu eta etxe guztietara igorriko du Doneztebeko Udalak. Eskuorriak dakarren informazioa arretaz jarraitzeko eskatu die udalak herritarrei, eta balizko uholdeak daudenean eskura eta erabilgarri izateko.  Bi hizkuntzatan argitaratu dute eta herriak nolako uholde arriskuak dituen ageri da; planaren nondik­ norakoak ere azaltzen dira, baita larrialdi egoeretan, herritarrek zer egin behar duten ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun