Udaberriko Feria eta Jakoba Errekondoren tailerra asteburuan izanen dituzte Donezteben

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 3a, 08:33

Malerrekako ahari ederrenak plazaratuko dituzte ortziralean.

Malerrekako X. Ahari lehiaketa ortziralean eginen dute 

Doneztebeko Udaberriko ferien baitan, Malerrekako ahari lehiaketaren hamargarren edizioa antolatu dute maiatzaren 5ean. Ortzirale goizeko 11etatik 13:30era eginen da ahari lehiaketa eta epaimahaikoek 6 sari banatuko dituzte: hiru ahari mutur gorriendako eta hiru mutur beltzendako. 

 

Kategoria bakoitzean lehenbiziko saria eskuratzen dutenek 120 euro irabaziko dituzte, bigarren saria lortzen dutenek 70 euro eta hirugarren saria irabazten dutenek 50 euro. 13:30ean izanen da sari banaketa. Horiekin batera, Malerrekako eskulangileen postuak (10-12 postu) eta abere erakusketa ere ez dira faltako.

 

Jakoba Errekondoren hitzaldia larunbatean

Maiatzaren 6an, Jakoba Errekondoren  gomendioak entzuteko aukera izanen dugu bertze behin ere. Iaz, Bizi baratzea liburuaren aurkezpena egitera etorri zen eta oraingoan, herri baratzeak bisitatu eta bertan, tailer bat eskainiko du. Egindako lana ikustearekin batera, aholkuak ere emanen ditu. Larunbat goizeko 11etan hasiko da tailerra, doakoa izanen da eta interesa duen edonork parte hartu dezake, ez da beharrezkoa herri baratzea izatea. Tailer honekin herri baratzeei bertze bultzada bat eman nahi die Udalak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun