Zubietako Inauteri Asteartearekin akitu dira joaldunen harat-honat jendetsuenak

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 1a, 10:21

Mozorroek beraien 'gaixtakeriak' egin zituzten plazan, joaldunak agertu baino lehen. Argazkia: Izaskun Zubialde

Asteazkenean kontuen eguna dute Zubietan eta larunbatean eta igandean Iturenen eta Aurtitzen

Inauteri Asteartean Zubietara bildu ziren Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunak, 70 denera, bezperan Iturenera egindako bixita itzuliz eta joaldunen harat-honat jendetsuenei behinipein akabila emanez. Zubietako 26 joaldun, Iturengo 20 eta Aurtitzeko 12 atera ziren, etorkizuna badela nabarmen utzi zuten 12 haur eta gaztetxorekin batera.

 

Beti bezala, errota ingurura bila atera ziren zubietarrak eta hiru herrietako joaldunek bat egin eta Zubietako plaza ingurura sartu ziren. Bezperan Iturenen bezala, nahikoa lan izan zituzten mozorroak uxatzen. Behin joaldunek plazako buelta egin zutenean, mozorroek gisa guzietako karrozak aurkeztu zituzten, batzuk Iturenera joan zirenak, baina bertze batzuk berriak ere.

Erran bezala, joaldunen harat-honat jendetsu eta famatuenak pasa dira, baina oraindik ez dira inauteriak akitu. Izan ere, Inauteri Astelehen eta Asteartean hainbat bixitari hurbiltzen dira herri hauetara, baina ez dira bi egunotan akitzen inauteriak.  Zubietan, erraterako, asteazkena izaten da inauterietako azken eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dituzte eta ondotik joarea jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita eginen diete ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrek asteazkenean bazkaria izaten dute eta arratsaldean etxez etxe ibiliko dira joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izanen dituzte elkarteetan.

Otsailaren 4a, larunbateko kontuen eguna izanen da Iturengo inauterietako azkena. Egun horretan ez dute joarerik joko. Bazkaria izanen dute Herriko Etxean. Bazkaldu ondotik dantzaldia eta kontuen afaria izanen dute.

Aurtitzen igandean eginen dituzte kontuak eta xaharren afaria ere eginen dute.

Erlazionatuak

Inauteri Asteartea Zubietan

Ttipi-Ttapa 2017 ots 01 Malerreka   Zubieta

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun