83 joaldun bildu ziren Iturenera Inauteri Astelehenean

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 31a, 11:23
Aspaldiko joaldun kopururik handiena bildu zen Iturengo plazan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Iturengo 34, Zubietako 32 eta Aurtizko 17ak nahiko lan izan zuten mozorroak plazatik uxatzen

Inauteri Astelehena izan zen Ituren, Aurtitz eta Zubietan eta ohiturari eutsiz, Iturenera bildu ziren hiru herrietako joaldunak, aspaldiko urteetako gehien. 83 izan ziren guzira, 28 heldu eta 6 haur Iturengoak, 30 heldu eta 2 haur Zubietakoak eta 14 heldu eta 3 haur gehiago Aurtizkoak.

 

Goizetik Iturengo eta Zubietako Herriko Etxeko ganbaretan eta Aurtizko elkartean beraien arropak janzten aritu ziren joaldunak, joareak ongi estutu gerrian, ttuntturroa buruan paratu, isopua eskuetan eta ongi gosaldu zuten.

Mozorroak bere aldrebeskeriak plazan egiten zituzten bitartean, Iturengo Joaldunek Latsaga aldera jo zuten, Aurtitz eta Zubietakoekin bat egitera. Elkar agurtu ondotik, denek elkar hartu zuten, pausua bateratu eta Iturengo plazara hurbildu ziren.

Iturengo plazara hurbiltzerakoan, nahikoa lan izan zuten joaldunek mozorroak uxatzen.  Gisa guzietako mozorroak ikusi ziren eta joaldunek nahikoa lan izan zuten beraien itzuliak egiteko.

Joaldunek ongi merezitako hameketakoa izan zuten Herriko Etxeko Ganbaran eta bertze itzulixka baten ondotik, Astearterako indarrak gordetzera joan ziren. Asteartean Zubietaren txanda izanen da, eta bertan harrera eginen diete hiru herrietako joaldunei eta mozorroei.

Erlazionatuak

Inauteriak Ituren 2017

Ttipi-Ttapa 2017 urt 31 Malerreka   Ituren

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun