«Urtez urte parte hartzeak goiti egin du desfilean»

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 26a, 07:52

Juanjo Ibarra, Sunbillako inauterietako "historikoa".

Juanjo IBARRA  |  Sunbillako albintea

Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza igandeko karroza desfilean parte hartzen.

1983an Papa Movila hartuta atera zirenetik urteak pasa dira baina Juanjori ez zaio apaldu inauterietarako grina «bestak baino ­gehiago gozatzen ditut eta dudarik gabe, igandea ­izaten da egunik hoberena. Topera eta gogo haundiz hartzen ditut».

 

Huts egin gabe

Umetan «gazteak eskean ibiltzen zirela oroitzen naiz» eta horiei zeharka begira egone ondotik, «22 urterekin hasi nintzen inauterietan atera­tzen». Eta hasi bazen hasi, «ordutik honat behin bakarrik huts egin dut eta orduan oinean egindako zaintiratu baten erruz». Gogoan du ­karrozarekin atera ziren lehenbiziko aldia «inauterietako kuadrilla batek bilera egin genuen eta animatu ginen karroza ­egitera. Aita santua­ren papa movila egin genuen sei edo zortzi lagunek». ­Orduan ikusi ez zutenek, 2007an izan zuten Papa movila ikusteko aukera «inauterietako 25. urteurrena ospatzen zen eta orduan berriro egin ­genuen karroza hura».

 

Hiru egunez besta

Ortziralarekin hasten ditu inauteriak Juanjok ­«lagunekin afaltzeko ohitura izaten dut» eta larunbatean ­«karrozari azkeneko ukituak ematen ­aritzen gara, inauterietako egunik hoberene­rako, iganderako dena prest uzteko». Igandean «10-12 laguneko kuadrila ­elkartu gosaldu, karrozarekin ibili, bazkaldu eta ­uerga eginez bukatzen dut».  Herriko albintea da ­Juanjo eta ­inauteriek aunitzez lan gehiago ekartzen ez dioten arren «astelehenean lan gehiago» izaten duela ­aitortu digu «garbiketa egin eta bestondoa pasatu behar delako».

Mota guztietako karrozak egin dituzte eta lan gehien eman dietena «merkatu txi­natarra» izan omen zen «detaile aunitz zituen eta».  Aurtengoa prestatzen buru belarri dabiltza «abendu bukaeran bilera egin eta denen artean ideia erabakitzen dugu. Erre­geak pasa ondoren hasten gara karroza egi­ten». Poliespana, egurra, burnia... erabili izan dute karro­zak osatzeko eta horiekin, «ahal den lekuan» aritzen omen dira lanean. Jantziak berriz, «batzuetan erosi eta bertze batzuetan taldekoen artean josten dituzte». Berak zortea du «urte aunitzetan amak josi baitizkit ­jan­tziak». Ilbeltzaren 29an argituko da misterioa... ea zer duten ­aur­tengorako prestatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun