erran.eus

Maika Ariztegi iturendarrak irabazi du Emakumezkoen I. Urrezko Kopa

  Kirola  Malerreka

Beintza-Labaiengo Irune Izkue bigarren izan zen eta Lesakako Xanta Sousa laugarren

Maika Ariztegi iturendarrakk irabazi zuen abenduaren 21ean, Santo Tomasetako ospakizunen baitan, Donostian jokatu zen emakumezkoen Urrezko Kopa. Lehenbiziko aldiz jokatu da lehiaketa hau, eta jendearen erantzuna ikaragarria izan zen, sekulako jendetza bildu baitzen Trinitate plazan, bertako harmailak erabat betez. Ariztegirekin batera, Beintza-Labaiengo Irune Izkue, Lesakako Xanta Sousa eta Zeanuriko Irati Astondoa bizkaitarra lehiatu ziren.

Maika Ariztegi iturendarrak irabazi du Emakumezkoen I. Urrezko Kopa
Astondoa, Sousa, Ariztegi eta Izkue, sari banaketaren ondotik. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Lau aizkolari horiek lehiatu ziren, eta bakoitzak oin bateko bost enbor moztu behar izan zituen. Lehiarik handiena Malerrekako bi aizkolariek eskaini zuten, Maika Ariztegi iturendarra eta Beintza-Labaiengo Irune Izkue nor baino nor gehiago aritu baitziren. Borroka horretan, bietan beteranoena izan zen nagusi, nahiz eta azkeneko enborrean erabaki zuen norgehiagoka. Azkenean 28 segundoko aldea izan zen bien artean.

Irati Astondoa bizkaitarra hirugarren sailkatu zen. Bizkaitarra ahalegindu zen Malerrekako bi aizkolariei segitzen, baina hori ezinezkoa zuela ikusi zuenean, hirugarren postu horri eusten saiatu zen.

Xanta Sousa zen guztietan berriena, eta Lesakan bizi den brasildarrak itxi zuen sailkapena. Ez zuen lan txarra egin, hala ere. Orain pentsatzekoa da datorren urtean Euskal Herriko Txapelketa ere jokatu daitekeela, oraindik eta neska aizkolari gehiago bai baitaude lehiarako prest.

 

SAILKAPENAK

1. Maika Ariztegi, 11:48

2. Irune Izkue, 12:16

3. Irati Astondoa, 15:07

4. Xanta Sousa, 16:11

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa