erran.eus

Munduko hiru mendizale handienetakoak ekarri ditu Errekak Mendiaren Egunean

  Kirola  Malerreka  Doneztebe

400 lagun bildu ziren Ezkurra pilotalekuan, Simone Moro, Ali Sadpara eta Alex Txikonen solasaldia aditzera 

Simone Moro italiarra, Ali Sadpara pakistandarra eta Alex Txikon euskalduna, Nanga Parbat neguan igo duten lehen mendizaleak dira eta beraien igoeraren berri eman zuten  Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan 400 lagunen aitzinean, Erreka elkarteak antolatutako Mendiaren Egunaren baitan.

Munduko hiru mendizale handienetakoak ekarri ditu Errekak Mendiaren Egunean
Nanga Parbat neguan igo duten Munduko lehen hiru mendigoizaleak, Errekako antolatzaileekin batera. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Simone Moro italiarra, Ali Sadpara pakistandarra eta Alex Txikon bizkaitarra izan ziren abenduaren 18an ospatu zen Errekaren Mendiaren Eguneko protagonista nagusiak. Goi mailako hiru mendizale hauek inork lortu gabeko balentria lortu zuten joan den neguan, Munduko bederatzigarren mendi garaiena den Nanga Parbat (Pakistan) neguan igotzen lehenak izan ziren. Tamara Lunger hego-tiroldarra ere beraiekin zuten, baina gailurretik 60 metrora buelta eman behar izan zuen.

Simone Moro eta Tamara Lunger bere aldetik eta Alex Txikon eta Ali Sadpara bertzetik hasi ziren helmugaren bila, baina, azkenean, Simone eta Tamarak bere bidea alde batera utzi ondotik Alex eta Sadpararekin elkartu eta azken hauek prestatutako bidetik laurak elkarrekin saiatu ziren. Sadpara, Moro eta Txikonek lortu zuten tontorra zapaltzea eta hirurak Donezteben izan ziren, han bizitako pasadizoak eta une gogorrak erakutsi eta kontatzen.

Mendiaren Eguna girotzeko, goizean mendi ibilaldia ere egin zuten eta ondotik bazkaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa