Maika Ariztegik Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketa irabazi du Zizurkilen

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 10a, 10:12
Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketa bigarren aldiz irabazi du Maika Ariztegik.

Gizonezkoetan, Jon Lapazaren arabarra nagusitu zen urriaren 9an

Emakumezkoen eta gizonezkoen ingude-jasotze txapelketak jokatu zituzten urriaren 9an, igande arratsaldean Zirkuzkilen (Gipuzkoa). Pronostikoak bete eta Maika Ariztegi iturendarra txapeldun suertatu zen emakumezkoetan eta Arabako Jon Lapazaran gizonezkoetan.

 

2014an egin zen lehen aldiz emakumezkoen ingude jasotze txapelketa eta Maika Ariztegi suertatu zen txapeldun. Iaz, aldiz, bigarren izan zen, Haizea Ziarrusta bizkaitarrak baino altxaldi bat guttiagorekin. Aurten, berriz ere txapela berreskuratu du Maika Ariztegik eta minutu eta erdian 10 kiloko ingudeari 93 jasoaldi eginez marka berria ezarri zuen. Karmele Gisasola bizkaitarrak 89 altxaldi egin zituen eta Lapurdiko Aurélie Vanschamelhoutek 83.

Gizonezkoak 18 kiloko ingudearekin aritu ziren, minutu eta erdian ahalik eta jasoaldi gehien egiten. Pronostikoak betez, Jon Lapazaran arabarra nagusitu zen, 89 jasoaldirekin. Bigarren posturako lehia gogorra izan zen, bai Berriozarko Imanol Martinek, baita Unai Ardeo bizkaitarrak 83na jasoaldi egin baitzituzten. Baina nafarra pisuz arinagoa denez, bigarren postua beretzat izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun