Gipuzkoarrek iaz, Uharteren kontra, bere azken titulua lortu zuten, beraz, aurten txapelak defenditzen ari dira, baina aldez aurretik, 2008an, hain justu, garaipena ere erdietsi zuten, kasu horretan ere Uharteren kontra.
Doneztebe, berriz, bi urte segidan izan zen txapeldun, 2011n Hernaniri gailendu zitzaiolako, eta 2012an Markina-Xemein menderatu zuelako. Markinarrak eta doneztebarrak aurkariak izan dira aurtengo edizioko finalerdietan eta nafarrek, bai joaneko, baita etorriko norgehiagokan ere, hiru partidetatik bi irabazi zituzten.
Azpeitiak, bere aldetik, Arabako Zigoitiarekin neurtu zituen indarrak, eta sei neurketatik, bost irabazi zituen, joanekoan, Gipuzkoan, hiru mailatan nagusitu baitzen (kadete, gazteak eta nagusiak) eta etorrikoan nagusi mailan besterik ez baitzuen amore eman.
Bi taldeek elkarrekin egin zuten pilota aukeraketa asteazkenean eta aurkezpen argazkia atera zuten, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko ordezkariekin batera.