Batzar idekia eginen du EH Bilduk martxoaren 13an

Marga ERDOZAIN 2015ko mar. 5a, 16:34

Bidasoaldeko eztabaida gunea eginen da hilaren 6an

EH Bilduk maiatzeko hauteskundetarako prestatu duen programa eta zerrenda aurkeztuko ditu martxoaren 13an (ortzirala), 20:00etan zineman. Hiru hilabete  lanean aritu ondoren koalizio honek itxura eman dio hauteskunde-programari. Lan taldeak bi abiapuntu nagusi izan ditu: he­rriko talde eragileengandik jasotako ekarpenak (34 eragileekin solastu eta proposamenak jaso dira) eta doneztebar guziei helarazi zaizkien inkesten ekarpenak. 140 inkesta inguru bildu dira. Horretaz gain, eta programa antolatzeko, 8 azpibatzorde osatu dira eta bilera idekiak burutzen ari dira martxoaren 2tik 8ra. Bilera ideki horiek helburu bikoi­tza izan dute: alde batetik, programa osatzea eta bertze aldetik, lantalde iraunkorrak sor­tzea (osatuko den udalari laguntza emateko).

ALDIZKARIA

Batzarrak hauteskunde-programari eta zerrendari oniritzia eman ondotik, EH Bilduk behin betiko itxura emanen dio 8 edo 12 orriko aldizkaria kaleratuz eta doneztebar guziei ailegaraziz.

Martxoaren 6an Baztan-Bidasoako EH Bilduk eztabaida gunea antolatuko  du Doneztebeko erakusketa aretoan eta arratsaldeko 7etatik 9etara zonaldeko EH Bilduko hautagaiek burutuko den saio­an hainbat gaien inguruko gogoeta eginen dute. Bertan adostutako puntuak ere ida­tziko dira tokian tokiko aldizkari eta hauteskunde-progra­ma­rekin batera txertatzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun