Zuriñe LUJANBIO

«Dagokiguna nahi dugu, ez gehiago eta inola ere ez gutxiago»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 20a, 12:00

Zuriñe LUJANBIO ZABALA, Goizueta

Herrian hartzen duen medikuen, erizainen eta administrarien arretarekin kontent sumatu dugu Zuriñe Lujanbio Zabala goizuetarra, baina ama denetik, «pediatria zerbitzuak, edo zerbitzu ezak, buruhausteak» sortu dizkiola aitortu du. Hala, «gure haurren eskubideak errespetatzeko zerbitzu duina eta justua» aldarrikatu du.

«Goizuetan jasotzen dudan medikuen, erizainen eta administrarien arreta paregabea da» Lujanbioren hitzetan: «Egunean bertan artatzen gaituzte, beharrezko denbora eskaintzen digute eta euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatua dugu. Larrialdietan ere 24 orduko zerbitzua dugu guardian dauden osasun langileei esker eta baditugu anbulantzia zein suhiltzaile boluntarioak ere».

Baina ama izan denetik «pediatria zerbitzuak, edo zerbitzu ezak, buruhauste edo kezka handiak» sortu dizkiola onartu du: «Nire semeak osasun arreta handia behar du eta bi urte eta erdiko epean, bigarren aldiz pediatrarik gabe gaude». Zehaztu duenez, «Leitzaldeko haurrek eta familiok hiru hilabete daramatzagu pediatria zerbitzurik gabe».

«Ez da bidezkoa»

Osasun sistema publikoa okerrera bidean ikusten du Lujanbiok: «Orokorrean profesionalen gabezia areagotzen ari da, itxaron-zerrendak luzatzen eta diagnostikoak garaiz egiteko zailtasunak antzematen dira». Ondorioz, «jendea pribatura» doala gaineratu du, «eta ez da bidezkoa dagozkigun zergak ordaintzen ditugulako Osasun Sistema Publikoa eta Unibertsala izan dadin».

Esker oneko hitzak ere izan ditu: «Gure haurrak bertako erizainek eta medikuek ikusten dituzte. Guztiz eskertua nago egiten duten ahaleginagatik, baina ez da dagokien lana». Pediatra batek ikusi nahi izatera, Iruñera joan behar dute gaur egun Leitzaldeko familiek eta kontatu duenez, «han ere beste pediatra batek gainkarga jasan behar du gu artatu ahal izateko. Horrelaxe dago egoera, profesional faltarekin eta prest daudenei tentsio gehiago eraginez».

Egoera hori dela ikusita, «Nafarroako Gobernuari benetako beharrak edo gabeziak dauden arloak aztertzeko eta horietan inbertitzeko» eskatu dio goizuetarrak, eta zehazki, momentu honetan, «pediatraren beharrari ahalik eta azkarren heltzeko» exijitu dio: «Goizuetako eta Aranoko haurrak artatzeko, astearte goizetan 08:00etatik 11:00etara etorri izan da pediatra Goizuetako Osasun Etxera. Astean behin, hiru orduko pediatria zerbitzua bi herrientzat. Ez dut uste gehiegi eskatzen dugunik. Gure haurren eskubideak errespetatuak izanen badira, zerbitzu duina eta justua nahi dugu».

Azken aldian «Nafarroako Parlamentura bideratzen ari diren protesta ugariak» ere hizpide izan ditu Lujanbiok: «Osasun arloa, 0 eta 3 urte bitartekoen zikloa, nekazariak eta abeltzainak...». Administrazioari zabaldu dio mezua: «Herritarren zerbitzura dauden ordezkariak direla gogorarazi nahi diet eta herritarrak entzun eta aintzat hartzeko betebeharra dutela». Argi mintzatu da: «Dagokiguna nahi dugu, ez gehiago eta inola ere ez gutxiago!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun