Garagardo Festa ospatuko dute larunbatean Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 16a, 09:00
Garagardo Festaren laugarren edizioa izanen da aurtengoa.

Mahaiaren bueltan bilduta, jan-edanean, herriko haurtzaindegiari laguntzeko aukera izanen da apirileko azken larunbatean. 2019an herriko garagardo zale batzuk hasitako bideari segida emanez, apirilaren 27an ospatuko da garagardo festaren edizio berri bat. Laugarrena izanen da aurtengoa. Umore Ona elkartean 21:30ean hasiko da festa.

Afarirako txartelak Motzanean eta Amaian jarri dituzte salgai apirilaren 21era arte eta antolatzaileek gogorarazi dute tokia mugatua dela. Menua ohikoa izanen da: entsalada, saltxitxak, saiheskia, patata purea, postrea, kafea eta kopa. Hauek bustitzeko, Franziskaner, Leffe blonde, Alhambra especial eta Desperados garagardo ezagunak banatuko dituzte. Honek guztiak 26 euro balioko du. Garagardorik gabeko txartelak ere badaude salgai, 16 eurotan. Ainhoa Zabaletaren musikak eta kantek alaituko dute afal ondorena. 

Goittiki haurreskolarentzat izanen dira biltzen diren irabaziak. Aipatu behar da, egoitza berria dutela urte hasieratik eta berri pozgarri honek gastu estrak sortu dizkiola haurtzaindegiari. Ongi hartuak izanen dira, beraz, garagardo festak sortuko dituen etekinak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun