Intza mujika claver

«Ttikitatik animalia artean bizi izan naiz»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 13a, 08:00
Intza Mujika Claver

Aranoko neska gaztea da Intza Mujika Claver. Ikasle bizimoduaz gozatzen ari da eta «arrunt gustura» dago: denbora libre asko izan eta erlojuarekin borrokan ibili beharrik ez duelako. TTIPI-TTAPAk egindako hamaika galderei erantzun die eta bere afizioak, dituen amets eta kezkak... aipatu ditu.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Izaera lasaia dut, ez naiz liskarretan sartzen den horietakoa. Neska lasaia naizela esanen nuke, pixka bat lotsatia.

Zer moduzkoa da ikasleen bizimodua?

Arrunt gustura nago bizimodu honekin. Inguruan denak korrika ikusten ditut. Ni ere goiz mugitzen naiz eskolara joateko, baina goizez bakarrik ditut klaseak eta arratsalde osoa gelditzen zait lagunekin elkartzeko. Denbora libre asko dut eta horregatik dut gustuko ikasle bizimodua.

Zein afizio dituzu?

Zaldi gainean ibiltzea eta ehizean ere ibiltzen naiz zakurrekin. Zaldi gainean ibiltzea ttikitatik gustatu izan zait. Hiru bat urterekin hasi nintzen poney gainean paseoak ematen. Sei urterekin hipika batean hasi nintzen eta orain ere, ahal dudanetan, joaten naiz. Txakurrak ere nire lagun eta jolaskide izan ditut ttikitatik.

Asteburuko planik hoberena?

Lagunekin parranda egitea.

Animalia zalea omen zara. Nondik heldu zaizu afizioa?

Ttikitatik animalia artean bizi izan naiz eta oso lagun onak ditut. Gehienbat zaldi eta txakurrekin konektatzen dut. 

Lau hankeko bizidunekin moldatzea bikoekin baino errazagoa da?

Batzuetan bai.

Zaldi gainean edo moto gainean, non ibiltzen zara gusturago?

Moto gainean ibiltzen naizenean asko gozatzen dut, baina nahiago dut zaldi gainean ibili.

Zer du berezia Aranok?

Herri lasaia eta polita da eta denok elkar ezagutzen dugu hemen. Horrek giro berezia sortzen du.

Gaztea izanik, zein behar ikusten dituzu herrian?

Garraio publikoaren beharra. Ez daukagu nahi dugunean mugitzeko aukerarik eta kotxea duen norbaiten menpe gaude beti. Janari-denda bat ere faltan botatzen dut herrian.

Zerekin egiten duzu amets?

Herrian jende gazte gehiago izatearekin. Ez gara asko eta askotan bakoitza gure zereginetan sartuta ibiltzen gara eta elkartzeko aukerak ere gutxitzen dira. 

Zerk kentzen dizu loa?

Normalean ez dut lotarako arazorik izaten, baina urduritasuna eragiten duten egoerek eragina izan dezakete nire loan: zerbait gaizki dagoela jakiteak, zerbait berriari aurre egin beharrak...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun