'Magaletik Amalurrera' argazki erakusketa ikusgai Leitzan apirilaren 9tik 12ra

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 8a, 12:00
Magaletik Amalurrera proiektuan landu dutena ezagutzeko aukera izanen da.

Haurrak naturara hurbiltzeko asmoz, Magaletik Amalurrera proiektua jarri dute martxan Leitzako Itzaire Haur Eskolan. Eguraldia edozein delarik ere, kanpora atera dira eta hamabostean behin autobusa hartu eta basora joan dira. Prozesu guztia dokumentatu dute eta egindako argazkiekin erakusketa antolatu dute orain. Leitzako Herri Aretoan egonen dira ikusgai, apirilaren 9tik 12ra, 09:30etik 11:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Horrekin batera, proiektuaren jendaurreko aurkezpena eginen dute apirilaren 17an, Leitzako Herri Aretoan 17:00etatik aurrera. Itzaire Haur Eskolako hezitzaileek emanen dituzte argibideak eta Irati Andoño eta Erkiz Miguez, baso eskoletan adituak biak, gonbidatu dituzte. 

Itzaire Haur Eskolako hezitzaileek aurten emandako urratsak nabarmendu dituzte: «haurrak bizitzaren zikloan murgildu dira eta osasunean eta konfiantzan hazteko aukera izan dute». Prozesua «ikaragarri polita» izan dela azaldu dute: «haurrak jolasteko aukera ugari izan dituzte, naturarekin kontaktu zuzena izan dute eta jaso dutena aberatsa izan da oso. Ederra izan haurren begietan harridura, emozioa... ikustea». Leitzako haurreskolan funtsezkotzat jo dute natura hezkuntza sisteman sartuta egotea: «sentitzean baitago gakoa. Familiak ere, prozesuaren parte izan dira eta eskertzekoa da guregan izan duten konfiantza».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun