ANE TABERNA ETXEBERRIA

«Korrikaren igarotzea emozioen bonbardaketa bat izan da»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 7a, 08:00

Emakume goizuetarra da Ane Taberna Etxeberria, eta azaldu duenez, «segur aski pertsona bakoitzak, daukadan harremanaren arabera, modu batean edo bestean deskribatuko nau». 

Hala ere, argi ditu bere zaletasunak; «arrunt gustukoa dut maite dudan jendearekin denbora igarotzea, plana edozein dela ere. Hizketa luzeen zalea naiz, eta mendiarekin eta naturarekin zerikusia duten planak gustuko ditut: mendian ibiltzea, eskiatzea… Oso irakurzalea naiz, eta asko gozatzen dut euskal kulturarekin lotutako emanaldiekin: kontzertuak, antzerkiak, bertsolaritza… orokorrean bizitza gozatzea gustatzen zait, lasaitasunaren eta planak egitearen arteko oreka bilatuz».

Milaka euskaldunek bezala, Korrikan parte hartu du aurten, baina lasterka ez ezik, furgonetaren gainean ere izan da.

Ekimen indartsua

«Magia, ilusioa, emozioa, aldarrikapena, indar metaketa, festa…» horrelaxe deskribatu du Tabernak Korrika. «Momentu honetan Euskal Herrian indartsuen sumatzen dudan ekimena da. Gure desberdintasunak desberdintasun, euskaraz bizi nahi izanak batzen gaitu egun hauetan, eta zoragarria da hori ikustea».

Txikitatik parte hartu izan du lasterketan, «eta oroitzapen ederrak dauzkat». Gainera, aurten Goizuetatik pasatu da 15 urteren ondotik, «eta izugarri gogotsu hartu dugu. Ibilbidea zabaldu bezain pronto ikusi zen jendearen ilusioa. Nahiz eta Euskal Herriko beste txokoetan parte hartu, ez da berdina zure herritik pasatzean sortzen duen zirrara. Gogo eta ilusio hori lanerako garaian ere nabaritu da».

Mingaina bizi

Hori gutxi balitz, furgonetaren gainean herrikideak animatzen joateko aukera izan du aurten. «AEKko arduradunek eskaini ziguten aukera eta nire lagun Maider eta biok animatu ginen, gure hitz jarioarekin bikote ona osatuko genuelakoan. Beti pentsatu izan dut noizbait eginen nuela, eta ez dago aukera hoberik herritik igarotzean baino. Aprobetxatu beharra genuen».

Esperientzia «sekulakoa» izan zen, «Korrika beste perspektiba batetik ikusteko aukera eman zigun: urduritasuna, ilusioa, poza… emozioen bonbardaketa bat izan zen». Bide guztian zehar «jende multzo haundia ikusten zen furgonetaren atzetik lasterka eta herrira sartu ginenean oilo pikorra jarri zitzaigun; mozorroek egindako harrera, bazterretik txaloka zebilen jende guztia, kale nagusia goitik behera betea ikustea, suhiltzaileen sirenen zalaparta…».

«Furgonetak Korrika beste perspektiba batetik ikusteko aukera eman zigun»

Gainera, «herriko kilometro guztiak ikusteko aukeraz gain, furgonetatik jaitsi eta lekukoa hartzeko parada ere izan nuen. Opari bat izan zen, eta izugarri hunkituak bukatu genuen». Herritarren artean ere «zoriontasun kolektibo bat sumatzen zen egun horretan, mugimendua handia zegoen eta adin guzietako jendea ibili zen korrika. Plazer bat izan zen kilometroz kilometro beraiek animatzeko aukera izatea».

Izan ere, «garrantzitsua da korrikalariak motibatuak izatea. Lasterka ibiltzea ez da denen eguneroko jarduna, eta animoak eskertzen direla esanen nuke. Gainera, animo horiekin gogorarazten dugu zertara atera garen egun horretan kalera».

Belaunaldiz belaunaldi

Egun hauek bereziak dira Tabernarentzat, «euskara ez baita hizkuntza bat bakarrik. Munduan egoteko eta bizitzeko modu bat da, gure ardatza. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa izugarri inportanteak dira niretzat».

Goizuetan ere «euskara eta euskal kultura belaunaldiz belaunaldi igarotzea ez da erronka bat edo ahalegin berezi bat izan, hori izan da berezkoa eta naturala. Askotan badirudi euskaldunak espezie berezi batekoak garela, egunero borrokan ibiltzen garenak gure hizkuntza eta kultura bizirik mantentzeko. Eta bai, borroka asko dugu oraindik egiteko eta asko dugu lortzeko, baina badaude herriak euskaraz bizi direnak. Horiek ere existitzen dira».

Azkenik, «herriko Korrika batzordeari eta herritarrei aipamen berezi bat egin behar zaiela uste dut. Batzordean jende pila batek hartu dugu parte eta lan handia egin du jendeak. Horrez gain, izugarria izan da herritarren harrera eta parte hartzea antolakuntzan, Korrika kulturaleko ekintzetan, kilometroak erosten, bazterretik txaloka eta animoak ematen… horrelakoa da desio dudan Euskal Herria!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun