Pediatria zerbitzua berrezartzea eskatzeko mobilizazioak eginen dituzte Leitzaldean eta Urumealdean

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 4a, 08:11
Leitzako plazan 2018an atera zuten argazki erraldoia, pediatria zerbitzua eskatuz.

Hainbat gurasok bat egin eta Leitzaldean pediatra orain ekimena jarri dute martxan, «osasun zerbitzu duina» eskatzeko. Urtarril erdialdeaz geroztik, pediatrarik gabe daude Leitzako Osasun Etxean eta ez dute ordezkorik bidali. Horren ondorioz, erizainaren lan karga handitu eta nahitaez pediatrak aztertu behar dituen kasuak Iruñera bideratzen ari dira. Osasunbideak emandako irtenbidea «hanka motz» gelditzen dela salatu  dute: «ez duelako gure seme-alaben osasun arreta duina bermatzen. Leitzaldeko 595 haur eta gaztetxok dagokien osasun etxean pediatra batek artatuak izateko eskubidea dute». Aldarrikapenak kalera aterako dituzte eta lehenbiziko elkarretaratzeak apirilaren 12an eginen dituzte, 18:30ean, Leitzan, Areson eta Goizuetan.

Ez da berria Leitzan pediatria zerbitzua bermatzeko eskaera. Zerbitzuak gorabehera handiak izan ditu azken urteotan eta horri aterabidea bilatzeko,  hainbat mobilizazio egin izan dituzte; jendetsuenak 2018an. Atzera, indarrak batu eta kalera ateratzeko unea ailegatu dela diote Leitzaldean pediatra orain ekimenean bildu diren gurasoek: «gure haurrak dagozkien azterketak egin gabe gelditzen ari dira eta gaixorik badaude, ez diete behar bezalako jarraipenik egiten».

Iruñeko osasun zentrora egin beharreko joan-etorria ere ezin aipatu gabe utzi: «Osasunbidetik irtenbidetzat jo dutenak, arazoa kronifikatzea baino ez dakar. Osasun arreta jaso ahal izateko, 50 kilometroko joan-etorria egiteko eskatzen digute. Arriskua, denbora, distantzia eta gastua. Lau hitz horiek definitzen dute batzuek irtenbidetzat jo dutena». Gainera, Iruñean larrialdi zerbitzuetara bideratu eta, aldiro, pediatra desberdin batek artatzen dituztela nabarmendu dute, horrek dituen gabeziekin: «haurra ikusi, dagokion botikaren errezeta egin eta etxera bidaltzen dute bueltan. Hor bukatzen da osasun arreta. Ez dago gaixotasunaren eboluzioa zein izan den jakiteko modurik, pediatra berak ez diolako jarraipenik eginen».

Leitzaldean pediatria orain ekimeneko bultzatzaileetako batzuk.

Mobilizazioak apirilean

Egoera salatzeko, hainbat mobilizazio eginen dituzte apirilean. Lehenbiziko elkarretaratzeak apirilaren 12an izanen dira, 18:30ean, Leitzan, Areson eta Goizuetan. Apirilaren 15ean Iruñera joateko deia egin dute eta 11:00etan Vianako Printzea egoitzaren aurrean elkartuko dira. Apirilaren 27an, berriz, argazki erraldoia aterako dute 11:30ean Leitzako plazan. Herritar guztiei egin diete mobilizazio hauetan parte hartzeko deia. Instagram sare sozialean ere kontua ireki dute eta bertan gurasoen testingatzak biltzen hasiak dira.

Leitzako Udalak bat egin du gurasoen eskaerarekin

Leitzako Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi du bat egiten duela herritarrek eta bereziki haurrak dituzten familiek adierazten duten «ezinegonarekin eta kezkarekin». Azaldu dute Leitzako Osasun Etxean pediatria zerbitzurik gabe gelditu ziren unean bertan Leitzako Udalak mozio bat onartu zuela eta, berehala, Nafarroako Gobernuaren atea jo eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko arduradunekin harremanetan jarri zirela irtenbide egokia eskatzeko. Leitzako Udalak onartutako mozioan, bi eskaera egiten zizkioten Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari: «beharrezko bitarteko guztiak jartzea Leitzan pediatra zerbitzua lehenbailehen martxan egon dadin eta egoera hau behin betiko konpon dezala eskatzea, Leitzan pediatra lanpostua eta zerbitzua egonkortuz eta bermatuz». Eskaera hori hartuta, udala Osasun Departamentuko arduradunekin etengabeko harremanetan aritu da hilabete hauetan, «etengabeko interpelazioa eginez, egoerari konponbidea eman diezaioten, epe laburrean nahiz epe ertain-luzean». Harreman horietan herrian dagoen kezka transmititu dela azpimarratu dute: «Leitzako Udalaren kezka nahiz familia eta herritar guztiena, eta egoera konpontzeko egon litezkeen aukera guztiak aztertu eta landu ditzaten indar egin da, udalak berak egin dezakeen neurri guztian». Ardura, eta konponbidea, ordea, Nafarroako Gobernuaren esku dago eta «mozioan egindako bi eskaerei emanen dioten erantzunaren zain» daudela argitu dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun