Iruñeko EKOtopaketak eta EKOmerkatuak Goizuetako betizu zaporea izanen du apirileko lehen astean

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 2a, 18:00
Goizuetako betizu haragia izanen da Iruñeko EKOtopaketako eta EKOmerkatuko protagonista ostegun eta larunbat honetan.

Aste Santuko jaiegunetatik bueltan, apirileko lehen astean, CPAEN/NNPEKek EKOtopaketa eta EKOmerkatua antolatu ditu. Lehenengo ekitaldia apirilaren 4an, ostegunean 20:00etan izango da. EKOtopaketa sukaldaritza eskola magistrala eta afari ekologikoa izango da, azoka aurreko ostegunean ospatzen dena. Oraingo honetan, Ion Gulina Geltoki jatetxeko sukaldariak betizu haragiarekin plater bat prestatzen erakutsiko du: calçots erreak, etxean marinatu eta ketutako Betizu behi-pikaña eta ozpinetakoen beganesa.

Goizuetako Domiña baserriko Maite Sánchez abeltzainak ere parte hartuko du EKOtopaketan, betizu behiak nola eta non hazten dituen azaltzeko. Hilero bezala, sukaldaritza klaseko platera eta Geltokik egindako beste hiru (bi gazi eta gozo bat) dastatuko dituzte. Informazio gehiagorako eta izena emateko: https://ekomercado.org/eu/ekotopaketa/

EKOmerkatua apirilaren 6an

Datorren larunbatean, apirilaren 6an, Betizu haragiari eskainiko zaio jardunaldia. Hilero, Domiña Goizuetako abeltzain ekologikoko proiektua EKOmerkatura joaten da. Betizuko haragia eta txorizoa egiten dute, eta Zatoz eta dastatu dastaketa gunean probatzeko aukera izanen da.

Maite Sanchezek 2000. urtean sortu zuen Goizuetan Domiña Abeltzaintza Ekologikoa, bere hiru seme Garazi, Anxo eta Indarrekin batera, eta Betizu arrazako behiak hazten eta zuzenean saltzen aritzen dira. Arraza autoktono, erdi basati eta desagertzeko arriskuan dagoen honek jasotzen duen izena da betizua. Domiñako behiak urteko 365 egunetan estentsiboan bizi dira Goizuetako mendietan, hauek garbi mantenduz eta sukaldaritzako balio handiko haragia lortuz. Hazkuntza estentsiboa, basatia eta errespetuzkoa egiten dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun