Goizuetako erremontistek galdu egin zuten larunbatean Berria erremonte txapelketako jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 2a, 13:00
Berria txapelketako finalerdietatik kanpo gelditu dira Susperregi eta Oier Apezetxea goizuetarra.

Oier Apezetxea finalerdietatik kanpo gelditu  da eta Aritz Zubirik datorren larunbatean irabazi egin beharko du sailkatu nahi badu

Berria Erremonte Txapelketako lehenengo finalerdia ezagutu zen larunbatean Galarretan. Gurrutxagak eta Aiestaran VI.ak, Irazuren eta Zalduaren aurka jokatuko dute finalerdi bat datorren apirilaren 13an. Aimar Jabalera doneztebarra eta Goikoetxea IV.a ere finalerdietara sailkatuta daude, baina aurkariaren zain daude. Azkenengo jardunaldian, larunbat honetan, erabakiko da azken semifinalista, Aritz Zubiri goizuetarrak eta Arluziagak eta Zaldua II.a-Eskuderoren arteko norgehiagokan.

Galarretan larunbatean Berria Erremonte Txapelketako bi partida jokatu zituzten. Lehenengoan erabaki zen A taldeko bigarren sailkatua. Irazuk eta Zalduak, Susperregi eta Oier Apezetxea goizuetarra 2-0 (15-11 eta 15-12) gainditu zituzten eta modu horretan garaileek lau punturekin bukatu dute ligaxka eta galtzaileak, puntu bakarrarekin kanporatuak izan dira. A talde honetan Aimar Jabalera doneztebarra eta Goikoetxea VI.a izan dira jaun eta jabe bi partidak irabazi eta gero.

Jaialdia B taldeko partidak itxi du. Bertan, Arluziaga eta Aritz Zubiri goizuetarraren debuta izan zen, baina ezin izan zuten irabazi. Gurrutxagak eta Goikoetxea VI.ak 2-0 (15-11 eta 15-9) lortu zuten garaipena. Goikoetxeak, Aiestaran ordezkatu du hernaniarraren belauneko lesio baten ondorioz. Modu honetan, Gurrutxagak eta Aiestaran VI.ak B taldeko lidertzan bukatuko dute ligaxka zortzi punturekin, bi partidak erraz irabazi eta gero. Bigarren postua larunbatean erabakiko da. Zubiri-Arluziaga bikotearen eta Zaldua II.a-Eskudero bikotearen arteko irabazlea izanen da finalerdian, Jabaleraren eta Goikoetxearen aurkaria.

Estelarrean Ansak bere nagusitasuna erakutsi du

Jaialdiko bigarren partidan Ansak eta Martirenak 15-12 eta 15-11 gainditu zituzten Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Larrañaga. Hemen Ansa izan zen nagusi. Lehenengo jokoan zortzi tanto egin zituen eta bigarrenean bederatzi eta aurkariek ezin izan zuten hori berdindu. Martirenak ere Larrañagak baino min gehiago egin zuen. Partidako une erabakigarria lehenengo jokoan izan zen. Urdinak 4-11 eta 6-12 aurreratu ziren, baina 9-0ko partzialek erabaki zuen lehenengo jokoa. Horrek min handia egin zien urdinei eta bigarren jokoa borrokatu arren ezin izan zuten berdindu.

 

Martxoaren 30eko emaitzak Galarretan

  1. Irazu-Zaldua, 2; Susperregi-Apezetxea, 0
  2. Ansa II.a- Martirena 2; Ezkurra II.a-Larrañaga, 0
  3. Gurrutxaga-Goikoetxea VI.a, 2 Arluziaga-Zubiri, 0

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun