Joxean Ruiz Miner

«Mendiko pistak konpontzea lehentasuna da»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 30a, 08:31
Joxean Ruiz Aranoko alkatea, Suron berritu duten pistan. Argazkia: Kronika

Maiatzaren 20an beteko da urtebete herrian hondamendia eragin zuen uholdea pasa zenetik. Hiruzpalau orduz, etengabe egin zuen euria eta eguna argitzean, luiziak, hondatutako errepideak eta desagertutako bideak uraren indarraren erakusle izan ziren. Herritarren segurtasuna bermatzea izan da hasieratik lehentasuna: «Mariezkurrenak errepide orokorra konpondu zuen eta oso lan txukuna egin zuen, baina arazoaren zati bati baino ez zitzaion irtenbidea eman. Mendiko pistetan eta baserrietako bideetan konponketa lan txiki batzuk egin genituen, nola edo hala, bideak erabilgarri egon zitezen». 

Egoerak, ordea, esku-hartze handiago bat behar duela nabarmendu du Joxean Ruiz alkateak: «egoera ezegonkorra da. Baserrietako bideak oso kaltetuta daude eta guk udal bezala herritarren segurtasuna bermatu eta zerbitzuak etxeetara iristen direla ziurtatu behar dugu». Guztia behar bezala konpontzeko, dirua da muga: «eskoilerak jartzetik hasiko gara, baina sekulako obra egin beharra dago oinarri sendo bat jartzeko. 700.000 euro inguruko aurrekontuaz ari gara. Gure udala ttikia da eta finantziazio gutxi daukagu». Nahi baino luzeago jo du finantziazioa lortzeko bideak, «baina azkenean Nafarroako Gobernuko Tokiko Inbertsio Planetik eta Nekazaritzako Azpiegituretarako dirulaguntzetatik proiektuaren zatirik handiena finantzatzea lortu dugu». Tokiko Inbertsio Planetik datorren laguntzarekin, etxebizitzetara doazen pistak konpontzea da asmoa, «%75a finantzatuko dute». Nekazaritza Azpiegituretatik datorren dirulaguntzarekin, berriz, mendietako pistak moldatu nahi dituzte: «lanen %90a finantzatuko dute». Gelditzen den zatia, 40.000 euro inguru, udalak hartuko du bere gain: «esfortzu ekonomiko handia izanen da, inbertsioetara bideratutako diru guztia obra honetan erabili beharko dugulako». Dirulaguntzen zati bat jaso du momentuz udalak eta duela hilabete batzuk Suron eskoilerak jartzeko lanetan inbertitu zuten. Dirulaguntzen beste zatia onartu diete eta lanekin hasi ahal izateko proiektua lantzen ari dira: «2025erako lanak bukatzea da asmoa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun