Eneko Bernaldo de Quiros

«Abizen bakoitzaren atzean historia bat dago»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 23a, 09:00
Sortzez iruindarra da Eneko Bernaldo de Quiros, baina Goizuetan bizi da.

Eneko BERNALDO DE QUIROS ROYO, abizenak ikertzen aritzen dena

Bere denbora librean, Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban jatorria duten abizenak ikertzen  ditu; baldintza bakarra abizena gutxienez XVI. mendeaz geroztikoa izatea da.

Apezetxea abizenak Igantzin omen du jatorria, Astibia abizenak Leitzan, Barberenak Oieregin, Perugorriak Etxalarren, Etxegiak Zugarramurdin, Sarrateak Zigan... Zerrenda luzea osatzen ahal da Eneko Bernaldo de Quiros Royok bildutako informazioarekin. Ez baitira ez bat eta ez bi, dagoeneko 500 abizen baino gehiago baitira aztertu dituenak. Eta bidean direnak beste horrenbeste eta gehiago. Ez zuen aise pentsatuko duela lau bat urte denbora-pasa hasi zuen bideak hainbesteko soka luzea izanen zuenik; esku artean zuen liburu baterako abizen batzuk ikertzen hasi, eta hortik tiraka, Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban jatorria duten abizenak ikertzeko ehunka eta ehunka eskaera hartuko zituenik. Arrakasta agerikoa da: 3.000 abizen baino gehiago ditu itxaron zerrendan, berak aztertzeko esperoan. 

Duela 33 urte Iruñean sortua bada ere, gaur egun Goizueta du bizileku. Ofizioz Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Teknologia Berrien Saileko langilea da, eta afizioen artean, «natura, ondarea, historia eta palan jokatzea» ditu pasio. Nafarroako paleta goma txapelketan, hirugarren mailako txapela ere jantzia du berriki Ekaitz Narbarte goizuetarrarekin. Baina aldi honetan abizenak izan ditu hizpide TTIPI-TTAPArekin. Eskualdearen arabera, abizen bat nola sortzen zen aztertzeak erakartzen» omen du eta ikerketa horietako bakoitza musu-truk egiten du. Azken aldian, hala ere, diru bilketa abiatu du abizenen museo bat ireki nahi duelako. 

Noiz eta nolatan hasi zinen abizenak aztertzen? 

Nire herria Iturgoien da, Lizarraldeko Gesalatz bailaran dagoen herri txiki bat. 2019an herriaren inguruko liburu bat idatzi nuen eta horretarako abizen batzuk ikertu behar izan nituen. Horrela hasi nintzen. Esan dezaket 2019tik ari naizela abizenak ikertzen. 

«Abizen bat nola sortzen den aztertzeak erakartzen nau»

Zerk erakartzen zaitu? 

Abizen bakoitzaren atzean historia bat dago. Abizen bat galtzen denean, bere historia galtzen da, eta historia hori ez galtzeko ahal dudan informazio guztia dokumentatzen saiatzen naiz. Bereziki, eskualdearen arabera abizen bat nola sortzen zen aztertzeak erakartzen nau.

Nondik hasten zara abizenak ikertzen? 

Interneten dauden web orri batzuetan bilatzen dut abizena. XVI. mendetik dokumentazioa baldin badago, orduan hasten naiz ikerketa lanetan. 

Zein dira zure informazio iturriak? 

Genealogiako web orri batzuk kontsultatzen ditut: Antzinako.org, FamilySearch.org, MyHeritage.es... Dokumentazio interesgarria aurkitzeko Nafarroako Artxibategi Orokorreko web orria erabiltzen dut, baita laguntzen duten beste web orri batzuk ere, adibidez, Auñamendi Eusko Entziklopedia, Euskadiko Artxibo Historikoa... Erositako liburuak ere erabiltzen ditut informazioa bilatzeko: Diccionario de Apellidos Vascos (Nicanor Narbarte), El Solar Vasco-Navarro (A. y A. Garcia Carraffa), Libro de Armeria del Reino de Navarra...

Baldintza bakarra abizena gutxienez XVI. mendetik geroztikakoa izatea da. Zergatik? 

Muga bat jarri beharrean nago. Abizena euskalnapartzat jotzeko baldintza hori jarri nuen. Bestela, azkeneko mendeetan kanpotik ailegatu diren abizenak ikertu beharko nituzke eta hala, zerrenda infinitua izanen litzateke. Izan ere, azken mendeetan kanpotik etorritako abizenak milaka dira. Bertan sortutako abizenei lehentasuna ematea da nire helburua. 

Eta ikerketaren emaitza abizenaren jatorria eta nora zabaldu den da, ezta? 

Bai. Nire helburua horixe da, abizena non jaio zen eta XVI. mendetik hona nola zabaldu den ikertzea. Gaur egun, zein herritan zabaldua dagoen jakitea erraza da, baina askotan zaila egiten zait abizenaren jatorri zehatza aurkitzea.

Abizenen historia azalduko lukeen museoa ireki nahi du.

Zailtasunik edo oztoporik izaten duzu? 

Asko. Nire informazioaren iturri garrantzitsuena bataioena eta ezkontzena da. EAEn denak digitalizatu zituzten eta online aurki daitezke, baina Nafarroan oraindik asko digitalizatu gabe daude, eta beraz, herri asko ez dira agertzen. Beste kasu batzuetan beharrezko dokumentuak galdu edo erre egin ziren, eta informazio hori betiko galdu da. 

Mapak ere egiten dituzu. Nolako mapak dira? 

Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako mapak dira. Bertan mendez mende abizenak izan duen hedapena islatzen dut, eta horretarako hainbat kolore erabiltzen ditut.

Abizen bakoitzaren gibelean zein informazio izaten ahal da? 

Abizen motaren arabera, informazioa desberdina da. Abizenek gure aurrekoren baten informazio interesgarria eskaini dezakete: bere lanbidea, sortutako edo erositako etxea zein zen, bere itxura fisikoa edo ezaugarri morala, jaioterria, etnia kasu batzuetan, aita edo arbasoren baten izena, kondizio estamentala: noblea, hirugarren estamentua... 

Zein ezaugarri dituzte Hego Euskal Herriko abizenek? 

Oso desberdinak dira eskualdearen arabera. Gaur egun asko zabaldu dira, euren jaioterritik urrun, baina hasieran abizenak jartzeko ohiturak desberdinak ziren iparraldetik hegoaldera. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean etxearen izena abizentzat jartzea zen ohikoena; Araban eta Nafarroako erdialdean jatorrizko herriaren izena jartzen zuten; eta Nafarroako hegoaldean patronimikoak ziren gehien erabiltzen zituztenak. Dena den, ez da oso zehatza, neurri txikiago batean patronimikoak eta herrien izenak ere erabiltzen zirelako, adibidez,  Nafarroako iparraldean. 

Eta gure eskualdekoek? 

Hemengoek normalean etxeen izenak hartzen zituzten abizentzat: Agerrebere (Irurita), Nabarkorena (Zugarramurdi), Mindegia (Zubieta), Apezetxea (Igantzi), Astibia (Leitza), Gastearena (Ezkurra), Bidegain (Arizkun), Marinelarena (Betelu), Barberena (Oieregi)... Baita, neurri txikiagoan, itxura fisikoan jatorria zuten batzuk: Juanbeltz (Arribe), Perugorria (Etxalar), Burugorri (Goizueta), Gartzeazuria (Bera)... Eta lanbideak: Zamargilea (Aniz)... Eta beste batzuetan jatorrizko herriaren izena: Berroeta, Igantzi edo Iantzi, Betelu...

Dagoeneko zenbat abizen ikertu dituzu? 

Gutxi gorabehera 500 inguru.

Dagoeneko 500 abizen inguru ikertu ditu Bernaldo de Quirosek. 

Bada horien artean deigarria egin edo bereziki gogoan gelditu zaizuna? 

Goitizen arraroekin topo egin dut, gerora abizen bilakatu direnak; adibidez, Eskutxuri. Nafarroako Artxibategi Orokorreko 1560. urteko dokumentu baten arabera, Juan Perez de Arana izeneko gizon bat Zaraitzu ibarreko Eaurta (Jaurrieta, Nafarroa) herrian bizi zen, eta bertakoek Eskutxuri goitizenaz ezagutzen zuten. Dirudienez, bere ondorengoek Eskutxuri goitizena oinordetzan hartu zuten eta goitizena abizen bihurtu zen. Segur aski ez dugu jakinen Eskutxuri zergatik deitzen zioten, baina tontakeriaren batengatik izanen zen; izan liteke igeltseroa izatea lanbidez, edo okina, eta beti eskuak zuriak izategatik bizilagunek goitizen hori jartzea. Badaude gogoan gelditu zaizkidan beste abizen batzuk ere, ikertzeko zailak izan direnak. Adibidez, Egozkuezabal; Belauntzako (Gipuzkoa) Egoskozabal baserritik Nafarroara pasatu zen, baina apaizak abizena ezagutzen ez zuenez, Egozcuezabal idatzi zuen, eta horrelako aldaketek abizenen jatorria aztertzeko zailtasunak eragin ditzakete. 

Eskualdeko abizenen artean batzuk aipatzen hasita, zein aipatuko zenituzke? 

Historia interesgarria dutenen edo zaharrenak direnen artean hauek aipatuko nituzke: Alduntzin Goizuetako familia boteretsu baten abizena zen; Jorajuriak (Soraçuria, 1366) Lesakako soro txuri batean eraikitako etxe batean izanen du jatorria segur aski; Mutuberria abizena kristau bihurtu zen Urrozko mairu baten ondorengoengandik dator, mutu berria gaztelaniaz nuevo moro da; Mariezkurrena Ezkurrakoa zen eta Mari izena zuen emakume batek sortutako edo erositako etxe baten ondorengoengandik dator; Zamargilearena Anizen bizi izan zen zamargilearen ondorengoengandik...

Abizenak ikertzeko esperoan daudenen itxaron zerrenda luzea duzu. Zenbatekoa? 

Galdera hauei erantzuten ari naizen momentu honetan 3.045 abizen ditut eskaera orrian [Kopurua egunetik egunera igotzen ari da]. 

«Lehentasuna bertan sortuak diren abizenei ematen diet»

Ikerketa lana dohainik egiten duzu, baina ekarpen bat egiten duenak lehenagotik hartzen ahal du eskatutako abizenari buruzko informazioa, ezta? 

Bai. Betitik egin dut dohainik. Hasierako lista errespetatzen dut, eskaeren arabera. Baina momentu honetan dohaintza baten truke abizenari lehentasuna ematen diot. Abizenak dohainik ikertu arren, niri laguntzen didatenei nik ere laguntzen diet euren abizenei lehentasuna emanez. 

Horren oinarrian museo fisiko bat egiteko dirua biltzea da. Azaldu... 

Maiz hegoamerikarrak ikusi izan ditut baserriak, etxeak eta herriak bisitatzen. Beraien abizenen jatorria bilatzen dute.  Askotan ikusi dut behar hori, ez bakarrik atzerriko euskaldunen ondorengoen artean, baita hemengoen artean ere. Jende askori gustatzen zaio abizenen kontu hau eta gai honen inguruko museo bat beharrezkoa dela uste dut; abizenen historia azalduko duen museo bat: non, nola, zergatik... Proiektu hori aurrera ateratzeko jabetza pribatuko etxe esanguratsu bat alokatu nahi dut eta urte beteko proba egin. Horretarako crowfunding bat egin dut. 10.000 euro beharko nituzke proiektuarekin hasteko, eta bi hilabetez 1.500 euro baino gehiago lortu ditut jendeak egindako dohaintzei esker. Jendearen laguntzarik gabe ezin izanen dut proiektu hori aurrera atera, nik ez baitut diru hori eta gainera ordu asko sartzen ditut abizenak ikertzen. Beraz, jendearen nahiaren eta kolaborazioaren arabera aterako dugu proiektua aurrera. Jendearen eskuetan utzi dut erabakia. Proiektu polita dela iruditzen zait eta jendeak lagunduko didala uste dut. Azkenean, abizenak historia dira, eta gure historiaren zati hau mantendu nahi badugu, esfortzu txiki bat egin dezakegu. 

Denbora-pasa hasi zinen, eta begira nora ailegatu zaren. Espero zenuen halako arrakasta? 

Ez nuen espero holako arrakastarik egia esan. Instagrameko kontu bat sortu nuen ikertuak nituen abizen batzuk igotzeko, eta bat-batean jende pila hasi zen jarraitzen. Hasieran argitalpenak bakarrik irakurtzen zituzten, baina pixkanaka abizenak ikertzeko eskaerak iristen hasi zitzaizkidan. Egunkarietan eta telebistan notizia atera zen eta milaka pertsonek ezagutu zuten. 

Eta gaur egun jarraitzaile asko dituzu sare sozialetan...

Instagrameko @apellidos_vasconavarros profilak 18.500 jarraitzaile inguru ditu. Gehienak nafarrak dira, gero gipuzkoarrak, bizkaitarrak, arabarrak... Iparraldeko jarraitzaile gutxi batzuk ere badira eta beste 500 lagun hegoamerikar (Argentina, Txile, Uruguai...). Jende askok galderak egiten dizkit eta ahal dudan guztia egiten saiatzen naiz. Hurbileko konexioa daukat jarraitzaile askorekin, batzuk argazkiak ere bidaltzen dizkidate. Oso kontent nago jarraitzaileekin, niretzat komunitate bat sortu dugu.  

Etorkizunera begira zein asmo dituzu? 

Momentuz, museoaren proiektuarekin ari naiz. Proiektu hori aterako ez balitz, gutxienez Goizuetan bulego bat irekitzea gustatuko litzaidake, informazio puntu eta denda bat. 

Museoa egiteko diru bilketa

Euskalnapar Abizenen Historiaren Museoa egiteko diru bilketa egiteko, hainbat bide zabaldu ditu: Bizum bidez, transferentzia eginez... edo lotura honetan. Informazio guztia bere webgunean zintzilikatua du, tartean, ikertutako abizenena: apellidosvasconavarros.es.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun