Torrearock jaialdia eginen dute martxoaren 23an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 19a, 17:00
Neskatasuna izanen da oholtzara igoko den taldeetako bat.

Leitzako Torreak hogeita hamar urte bete dituela ospatzeko Torrearock elkartasun kontzertua antolatu dute martxoaren 23an.  Leitzako Herri Aretoan, 18:30etik aurrera, RottenXII, The Clayton, Neskatasuna, Herdoil eta Üzkülüz DJ ariko dira. «Auzonalak, musikak eta elkartasunak» bat eginen dute hitzorduan, Torrean duela hogeita hamar urte abiatutako proiektuak segida izan dezan. Sarrera gutxi batzuk gelditzen dira oraindik salgai hogei euroren truke Leitzako Torrea tabernan.

1994an ireki zituen ateak Torreak eta hogeita hamar urte horietan, milaka pasadizo bizi izan dituzte. Bertako kideek, ongi gogoan dituzte, «hasierako auzolanak, eztabaidak, aurreneko pote eta parrandak eta lehenbiziko akorde eta kontzertuak». Azken hiru hamarkadetan egin bezala, Torreak musikaz lagunduta ospatuko du bere 30. urteurrena. TorreaRock jaialdiak Leitzako Herri Aretoa hartuko du eta diotenez, «urte hauetan guztietan egindako lana eta emaitzak ospatzeko aitzakia eskainiko digu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun