Alize Sagardui goizuetarra txapeldun Master Laboral Kutxa txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 18a, 13:30
Gomez eta Sagardui txapeldunak eta Etxezarreta eta Arratibel txapeldunordeak igandean Arrasaten.

Gazte mailako finalean, Uxue Gomezekin batera, 18-6 irabazi zien Etxezarretari eta Arratibeli

Alize Sagardui goizuetarrak Master Laboral Kutxa txapelketako txapel morea lortu zuen martxoaren 17an Arrasateko Uarkapen pilotalekuan. Eskuz binakako gazte mailako finalean, pilota mistoarekin, Uxue Gomezekin batera 18-6 irabazi zien Izar Etxezarretari eta Ainhitze Arratibeli.

Goizuetara bueltan, Espainiako klub arteko pilota txapelketa irabazi duten Umore Ona klubeko pilotariekin batera omenaldi ttiki bat egin zioten Alize Sagarduiri ere. Beñat eta Antton Apezetxearekin batera argazkia atera zuen elkartean.

Alize Sagardui txapel morearekin, Umore Onarekin Espainiako klub arteko txapelketa irabazi duten Antton eta Beñat Apezetxearen artean.

 

Maila nagusian Arrizabalaga eta Erasun txapeldun

Maila nagusian, Olatz Arrizabalagak eta Itsaso Erasunek lortu zuten txapela, Madalen Etxegarairi eta Enara Gaminderi 22-16 irabazuta. Gisa honetara, Arrizabalaga gernikarrak binakako bosgarren txapela lortu du, gizonezkoetan Antton Maizek, Julian Retegik eta Juan Martinez de Irujok bakarrik lortu duten marka.

Txapelketa nagusian Arrizabalaga (bosgarren aldiz) eta Erasun suertatu dira txapeldun, finalean Etxegarairi eta Gaminderi irabazita.

Eskuz binaka pilota goxoarekin jokatutako finalean, Jone Zumetak eta Nora Martinezek 18-8 irabazi zieten Garazi Gil eta Petra Rodriguezi eta promesak mailako finalean, pilota mistoarekin, Olatz Insaustik eta Irati Betegik 18-14 irabazi zieten Marta Gomez eta Alejandra Billyak-i.

Hiru kategoriatako 'txikiagoetako' txapeldun eta txapeldunordeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun