ARESOKO UDALEKO KUDEAKETA BATZORDEKO KIDEAK

«Herritarron artean eraman behar dugu aurrera herria»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 17a, 11:00
Ezkerretik eskuinera, Aingeru, Bea, Irantzu, Alaitz, Igaro eta Olatz.

Bi hauteskunde deialdi eta hamaika bileraren ondotik, herritarrek osatutako kudeaketa batzorde baten esku gelditu daiteke Aresoko Udala. Aingeru Etxaidek, Irantzu Alustizak, Alaitz Olanok, Igaro Baldak, Olatz Telleriak eta Bea Murok osatu dute taldea eta Nafarroako Gobernuaren erantzunaren esperoan dira lanean hasi ahal izateko.

Azken aukera

Herria «atzera bueltarik ez zuen puntura» ailegatu zela ikustean eman dute pausoa. Azaldu dute udala galtzeko aukera ere mahai gainean egotera iritsi zela: «herri bezala funtzionatu edo beste herri baten menpe egon nahi genuen erabaki behar genuen». Beraiek argi zuten: «herritarron artean eraman behar dugu aurrera herria. Herri ttiki bat handiago baten esku gelditzen denean, beti ttikia ateratzen baita galtzen». 

Alkategaia topatzea izan zen hauteskundeetan arazoa: «inork ez zuen ardura hori bere gain hartu nahi eta horrek eragiten zuen blokeoa». Kudeaketa batzordea osatzerakoan ere horixe zen gakoa. Orain, izena aldatuta, batzordeko lehendakaria izateko «konpromisoa» hartuko luke bere gain Bea Murok eta «taldearen babesean, bertigoa zertxobait ttikiagoa» dela dio.

Erronka

Kudeaketa batzordea sortuta, momentuan arazoari «irtenbide» bat eman nahi diote, «baina herri bezala landu behar dugun zerbait» dela azpimarratu dute. Ongi gogoan dute azken hauteskundeetan egindako «eskapada haundia. Aurkeztu zen taldeak ez zuen kargua hartzeko asmorik, baina beste talde bat aurkeztu izan balitz… akabo Aresoko Udala eta herritarrentzat aukera» . 

Aukera horri heldu eta «zerotik» hasiko dira beraiek lanean: «talde gaztea gara, gehienok ez dugu inolako esperientziarik udalean.  Bea da aurreko udal taldetik segiko duen bakarra. Badakigu dena ez dugula ongi egingo, dena gaizki ere ez... Egiten duguna baloratu eta ez daitezela oso gogorrak izan gurekin». 

Elkarlanerako deia

Hasieratik elkarlanerako deia egin nahi diete herritarrei: «sei pertsonak hartuko genuke kargua, baina denak ezin du gure gain gelditu». Taldeka banatu eta jendeak lan zehatzak hartzea planteatu dute: «auzolana indartu nahi dugu. Falta den taldeko zazpigarren kidea herritar guztien artean osatzea da gure asmoa». 

Taldeka lan egiteko asmoaren atzean arrazoi garbia dago: «ez dugu jendearen atzetik ibili nahi, laguntza edo fabore eske ariko bagina bezala. Jendeak konpromisoa hartzea nahi genuke, bere herriaren alde lan egiteko prest egotea. Taldeak osatu, jendea inplikatu eta hitzetatik ekintzetara pasa daitezela». 

Horretarako, «herritarrek beraien herria bere sentitzea» izango da lortu beharreko erronka nagusia, «herritarrak konturatzea herriarentzat lanean ari direnean, beraientzat ari direla lanean; ez beste inorentzat». Bakoitzak duenetik emanez, «denok gara onak zerbaitetan, baliatu dezagun hori herriaren alde. Denon artean landu ditzagun herria hobetzeko aukerak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun