Espainiako klub arteko pilota txapelketako finala jokatuko du Umore Onak igandean Sorian

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 13a, 14:30
Umore Onaren izenean finalerako txartela lortu duten Beñat Apezetxea, Iker Egiguren, Antton Apezetxea eta Eñaut Lizeaga.

Ligaxkan lehen postua sailkatu den Goizuetako klubak, larunbatean elkarren kontra finalerdia jokatuko duten Errioxako Najerino edo San Cosme izanen du arerio.

Joan den urtean bigarren mailatik lehen mailara igotzea lortu eta aurten Espainiako klub arteko lehen mailako pilota txapelketako finala jokatuko du Goizuetako Umore Onak martxoaren 17an, igande eguerdian Sorian. Ligaxkan lehenbizikoa izan da Umore Ona eta zuzenean lortu du finalerako txartela. Larunbatean jokatuko dute finalerdia ligaxkan bigarren eta hirugarren izan diren Najerino eta San Cosme taldeek eta irabazleak goizuetarren kontra ariko dira.

Ligaxkako azken jardunaldian ez zuen hutsik egin Umore Onak eta bi partidak irabazi zizkion Ezcaray taldeari Errioxan. Buruz buruko partidan, Umore Onako Eñaut Lizeagak bi jokoak irabazi zizkion Ezcaray taldeko Jaime Altuzarrari (8-10 eta 2-10) eta binakako partidan, Umore Onako Iker Egigurenek eta Antton Apezetxeak ere bi jokoak irabazi zizkieten Ezcarayko Gorka Esteban eta Javier Altuzarrari. Honela, ligaxkako bederatzi jardunaldietan jokatutako 18 partidetatik 16 irabazi ditu Goizuetako klubak lehen postua eskuratzeko.

Igandean, beraz, Espainiako lehen mailako klub arteko txapela izanen dute jokoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun