Ondoren, bertsolariei txanda eginez, Mus txapelketa jokatu zen Zubiondon bertan eta 11 bikotek parte hartu zuten. Joan den urteko txapeldun ordeak, Josu Narbarte eta Bixente Callejón aurtengoan txapeldun izan dira. Txapeldun ordeak, berriz, Euxtakito Zubieta eta Antonio Zubeldia izan dira.
Larunbat goizean haurren krosa egin zen. Aurten ez da helduen lasterketarik egin, baina halere, animazio handia izan zen txikienekin ere. Ondotik, txupinazoa bota zuen Kontxi Billabonak, Zubiondo taberna kudeatzen duen Mitxelena-Billabona familiaren izenean. Auzoko dragoia han-hemen ibili zen kalejiran. Txino auzoko eta herriko tiralarien arteko sokatira saioan auzotarrak nagusitu ziren. Herri bazkarian eta bazkalondoan ere giro ederra izan zen.
Arratsaldeko ekitaldiari dagokionez, break dance ikuskizuna bikaina izan zen eta gauean ere Klaudion etxeko bajeran, urtero bezala montatutako tabernan kontzertua eta giro ederra izan zuten.