Apirilaren 28an jokatuko da Leitzan Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko api. 26a, 11:11

14-18 urte arteko hamalau bertsolari parte hartuko dute, horietatik zortzi eskualdekoak 

Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatuta, 14 eta 18 urte bitarteko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 31.edizioa izango da aurtengoa, apirilaren 28an Leitzako Atekabeltz Gaztetxean jokatuko dena. 

 

Ostiral arratsaldeko 7etan hasita, hamalau bertsolari gaztek hartuko dute parte: Etxahun Azkarraga (Etxalar), Ekhiñe Zapiain (Bera), Ane Telletxea (Lesaka), Uxue Mesa (Lesaka), Iratxe Muxika (Lesaka), Joanes Illarregi (Leitza), Xabat Illarregi (Leitza), Alai Arozena (Leitza), Luar Alberdi (Iruñea), Nahia Etxeberria (Iruñea), Ekain Alegre (Altsasu), Idoia Granizo (Altsasu), Beñat Astiz (Barañain) eta Enma Murillo San Miguel (Barañain) ariko dira kantuan.

Saioa ikusteko sarrera doakoa izango da eta bertsoaldien ostean merendua eskainiko da bertan, Leitzako Gazte Asanbladaren eskutik.

Iker Mundiñano gai-jartzaileak gidatuta, honakoa da gazteek egin beharko duten lana:

 

1.fasea. 14 bertsolarirekin

- Gai orokorrarekin bertso bat osatu

- Lau oinak emanda bertso bat osatu

- Hitza emanda bertso bat osatu

 

2.fasea. 4 bertsolarirekin

- Binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso koplatan

 

Lehen bi postuak eskuratzen dituztenek Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzea lortuko dute. Euskal Herriko finala eta festa ekainaren 10an izango da, Saran (Lapurdi).

Lehia formatuko ekimen honekin batera, Eskolartekoa ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko eta ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko parada ematen duten egitasmoak dira, finean, Eskolartekoa osatzen dutenak.

Gaur egun 18 urtetik beherakoen 33 bertso-eskola eta 302 ikasle daude Nafarroan. 9 irakaslek gidatuta, eskola orduz kanpo ondorengo herrietan lantzen da bertsolaritza: Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi, Arantza, Doneztebe, Legasa, Sunbilla, Leitza, Lekunberri, Altsasu, Iruñea, Zizur Txikia, Burlata, Barañain, Uharte eta Atarrabian.

Eskolartekoaren antolatzaileak Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun