Landarte programaren baitan Trabukoren antzezlana berreskuratuko dute Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 26a, 10:41

Kontseilaria eta Kulturako zuzendari nagusia programan parte hartzen duten artistekin eta kolaboratzaileekin.

Nafarroako hamar herritan gauzatuko da Nafarroako Gobernuko Kulturako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako arte eta landatartasun programa eta Goizueta da eskualdeko bakarra

Nafarroako Gobernuko Kulturako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Landarte programaren baitan, Goizuetan, Olatz Beobideren eskutik, herri-antzerkia berreskuratuko dute; Goizuetan Bada tailerra eskainiko du Beobidek, eta uztailaren 1ean (20:00etan), Goizuetako herritarrek duela 25 urte antzeztutako Trabuko lanaren bertsio berritua estreinatuko dute, optika berriarekin eta lengoaia eszeniko garaikideekin. 

 

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Landarte jarri du abian, Nafarroako arte eta landatartasun programa, 2017an Nafarroako hamar herritan sorkuntzako tailer parte-hartzaileak sustatuko dituen proposamena. Zuñigan, Galipentzun, Sesman, Otsagabian, Goizuetan, Fontellasen, Abartzuza-Errezun, Zurukainen eta oraindik zehaztu gabeko beste batean, hain zuzen ere. Apirilean eta maiatzean egingo dituzte tailerrok, eta hainbat emanaldirekin burutuko dira emaitzak ekainean.

Kultura Ekintzako Zerbitzuak bultzatutako programa da Landarte, eta Museoen Zerbitzuaren, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren, Navarra Film Commisionen eta Iruñeko Planetarioaren, eta Aroa Upategien lankidetza du.

Programaren helburua da Nafarroako toki entitateetan berrikuntza, bertako biztanleen parte-hartze aktiboa eta proiektuen etorkizuneko proiekzioa sustatzea, kultura ekintzako ekimen berritzaileen sorkuntzan lagunduko duten tailer parte-hartzaileen bitartez.

Land Art deritzon korrontean inspiratuta dago Landarte; Land Art da artearen eta paisaiaren uztarketa ezaugarritzat duen arte garaikideko korronte bat. Landartek, gainera, harago joan nahi du, eta programan parte hartzen duten herrietan bizi diren artisten zuzendaritzapean eta gidaritzapean, arte-diziplina ezberdinak uztartuko dituzten jardueren sorkuntzan, kudeaketan, ekoizpenean, marketinean eta jarraipenean inplikatu nahi ditu herritarrak.

Etorkizun oneko prozesu sortzaile berritzaile gisa sortu da programa; horrek esan nahi du proiektuen biziraupena eta bilakaera lortu nahi dela, arreta berezia jarriz programan sartuta dauden herrietako gizarte ongizateari eta ongizate ekonomikoari. 

Halaber, artisten eta herritarren arteko elkargune izan nahi du programak, elkarrizketa eta ikuspegi ezberdinak sustatuz, bai eta kultura-sormena ere.

Ura da lehendabiziko edizio honen elementu nagusia. Ibaiak, errekastoak, errotak, burdinolak, uharkak, urtegiak, iturriak, zubiak, iturburuak, iturbegiak eta abar izango dira 2017ko programa honen protagonistak eta eszenatokiak, baina ur gabezia ere landuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun