Goizutrailen laugarren edizioak ere bi ibilbide izanen ditu aukeran maiatzaren 20an

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 18a, 10:27

Laugarren edizioa beteko du Goizutrail lasterketak.

Goizuetan eginen den probarako izen emateko epea zabalik dago

Azken bi urteetako arrakasta ikusita, aurten ere bi ibilbide izanen ditu aukeran Goizutrail mendi lasterketaren laugarren edizioak maiatzaren 20an, bata 10 kilometrokoa eta bestea 25 kilometrokoa. 

 

Herriko plazan (154 metro) hasiko dira bi ibilbideak larunbat goizeko 9etan, Aitasemegi auzora igoko dira korrikalari guztiak xenda estu batetik. 4 kilometrotan xenda eta pistetatik barrena 680 metrotara dagoen Eneko Elorriko bizkarrera igoko dira, eta hemendik herrira jeitsiko dira Espideko sorotik pasatuz.

10 kilometroko ibilbide motza egin behar dutenek herrian bukatuko dituzte lanak, 631 metroko desnibelarekin.

25 kilometroko ibilbide luzea aukeratzen dutenek, ordea, Alkainzuriain auzotik Mandoegiko gailurrera igo beharko dute, 1.045 metrora. Ondoren Mandoegiko gailurretik jarraituko du ibilbideak harrespilen artean eta bukatzeko berriz ere herriko plazara jaitsiko da. Desnibela 1.636 metrokoa da eta ibilbide guztia mendiko xenda pista eta larrean zehar izango da.

Izen ematea zabalik dago www.herrikrosa.eus webgunean bezpera arte eta egunena berean plazan ere egin daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun