Leitzako Udalak bere Energia Plana aurkeztu du

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 21a, 06:52

2020rako gastua, energia kontsumoa eta CO2 emisioak murrizteko helburua jarri du

Leitzako III. Energia jardunaldien barruan, Udalak bere Energia Plana aurkeztu zuen pasa den ostegunean. Plana ESETEK enpresarekin batera landu da. Diagnostiko bat egin ondoren hainbat neurri zuzentzaile proposatu dira, ingurumena zaindu eta dirua aurrezteko balioko dutenak.

Leitzako Udalak badu energia plana eta 2020rako helburua jarri du gastua, energia kontsumoa eta CO2 emisioak murriztekoa. ESETEK enpresarekin landutako planaren lehen ataldean diagnostikoa jasota dago. Udalak gaur egun dituen energia hornidura kontratu guztiak errebisatu dira, eraikin eta kale argiteriaren egoeraren azterketa egin da eta horren ondotik, neurri zuzentzaile batzuk proposatu dira planean.

Neurri horiek kanpoko argiteriari zein eraikinei eragingo diete. Hala  nola, kanpoko argiteria guztia LED sistemara aldatzea proposatzen du eta eraikinetako argiztapen, berokuntza sistema eta ekipamendu energetikoan hainbat hobekuntza.

Dagoeneko Udalak hainbat urrats emanak zituen kontratuak murriztuz kontrola errazago izan zedin eta Goiener kooperatibara aldatuz. Urrats txiki hauekin dagoeneko 6.500 euro inguru aurreztea lortu du. Gasaren kasuan 4.150 euro aurreztu dira.

Oraingo planarekin, esan bezala 2020rako helburuak zehazturik geratuko dira. Horrela urteko energia gastua 100.726 eurotik 64.811 eurotara jaitsi nahi da; kontsumoak 819.051 kwhtik 482.262 kwhra. Eta CO2 emisioak erdira murriztu nahi dira, gaur egun isurtzen diren 227,38 tona/urtetik 105,97ra jaitsita. 

 

Energia Jardunaldiek segida

Energia Plana aurkeztu ondotik, segida izanen dute Leitzako III. Energia jardunaldiek.

Martxoaren 23an, Atekan Zenbat energia dago hondakinen atzean? ekoiztu-bota-erre eredua ezbaian hitzaldia eskainiko du Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiak, ostegunean 19:00etan.

Martxoaren 29an, Atekan Garraioa arazoa da? Posible da burujabetza energetkoa garraio eredu honekin? Garraioaren gako batzuk, burujabetza energetikoa eta egungo garraio ereduari buruz hitzaldia eskainiko du Sustrai eraikuntzako Xabier Zubialdek, 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun