Hamargarren urteurrena kontzertu bikain batekin borobildu du Goizuetako Umore Ona Abesbatzak

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 20a, 10:44
Emanaldi gustagarria eskaini zuten igande eguerdian Goizuetako elizan.

Musika eta kantuaz gain, omenaldiak eta giro bikaina izan zituzten igandean

Hamar urte bete ditu aurten Goizuetako Umore Ona abesbatzak eta urte osoan zehar egin dituzten urteurreneko ekitaldiak borobiltzeko, gabonetako kontzertu berezia eskaini zuten abenduaren 18an, igande eguerdian Goizuetako elizan, Hernaniko Ozenki, Getariko bandarekin eta beste gonbidatuekin batera. Bezperan, Hernanin, Ozenki abesbatzarekin eta Hernaniko bandarekin batera aritu ziren.

 

Igandeko ospakizunak kontzertua baino lehen hasi ziren, Getariko musika bandari eta Hernaniko Ozenki abesbatzari eskainitako ongietorriarekin. Horretarako, herriko 30 bat neska-mutiko gaztetxok eta gurasoek osatzen duten Irumaita txarangaren laguntza izan zuten. Eguraldia lagun, salda ere eskaini zuten plazan eta ondotik kalejiran joan ziren elizaraino, kontzertua eskaintzera.

Lehenik agurra dantzatu zuen Patxi Iribarrenek. Segidan, Ainara Narbartek zuzenduta, Adeste Fideles eta Elurra mara mara kantatu zuten eskolako gaztetxoekin batera. Getariko Musika bandak, Eneritz Jauregiren zuzendaritzapean, euskal dantzak jo zituen. Imanol Kamiok zuzenduta, Ozenki Abesbatzak Doinu Zaleko akordeolari orkestrarekin Czardas de Monti abestu zuen; Umore Ona abesbatzak, Eneko Amundarainek zuzenduta Aurtxoa seaskan kantatu zuen eta Imanol Kamio zuzenduta, Svetilen eta Atot ator, bietan Ainara Narbarte bakarlari zutela. Emanaldia bukatzeko, musika bandak eta abesbatzek elkarrekin Somewhere, Birjiña maite, Festive Chrismas, Celebration eta Gospel Train eskaini zituzten, eliza betetzen zuten zaleen gozamenerako.

Emanaldiaren bukaeran oroigarriak eman zizkieten zuzendariei eta abesbatzaren sorreratik bertako kide den Juan Antonio Lekuonari ere ongi merezitako omenaldia eskaini zioten koruko lagunek, bertso bat idatzia zuen koadroa eta euskal makila oparituz. Akordeoia lagun, bi abesbatzek bertso hori kantatu ere egin zioten. Bukatzeko, denek zutik, Agur Jaunak kantatu zuten.

Elizako emanaldia hunkigarria izan bazen, zer esan Umore Ona elkartean egindako bazkarian eta bazkalondoan izandako giroaz. Hor ere kantuek, musikak, opariek lekua izan zuten, bauta bertsoak eta dantzak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun